VI. CaixaBank banderako lehen luzean estropadako burua aldatzen joan zen. Ziabogara Orio-Orialki iritsi zen lehen eta jarraian Donostiarra Lacturale.
Ziabogatik ateratzean, ordea, atzean geratu zen Donostiako taldea eta Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribiak aurre hartu zioten.
Bigarren luzean Orio-Orialkik buru jarraitu zuen. Baina mirotzen eta Lugañeneko eskifaiaren arteko tartea estua zen, segundo batekoa. Azken metroetan Aiora Belartieta herritarrak eta bere talde kideek indartsu ekin zioten; Orio-Orialki gainditu eta bandera erdietsi zuten.
Atzetik Donostiarra Lacturale zortzi segundora eta Hondarribia Bertako igogailuak bederatzi segundora iritsi ziren helmugara.
Garaipenari esker, Euskotren ligako buru jarri zen Donostia Arraun Lagunak.
Berdinketa, berriro ere
Baina ez zuen asko iraun bakarkako lidergoak. Lekeitioko uretan Orio-Orialki bigarren eta Lugañene hirugarren izan baitziren.
X. Euskotren Banderan ere lehia estua izan zen, uztailaren 25ean. Estropadako lehen luzean aurre hartu Donostiarra Lacturalek eta ongi mantendu zen lehen postuan ziabogaraino.
Atzean, berriz, Orio-Orialki eta Donostia Arraun Lagunak traineruen arteko borroka ikusi zen. Ziaboga bateratsu egin zuten.
Bigarren luzea hasterako hiru ontziek berriro ere bat egin zuten.
Orio-Orialkik eta Donostia Arraun Lagunak-ek buru hartu eta lehen postua borrokatu arren, azken metroetan Donostiarra Lacturalek bi eskifaiak gainditu eta denboraldiko lehen bandera eskuratu zuten.
Egun Donostia Arraun Lagunak eta Orio-Orialki Ligako buru daude 25 puntura berdinduta. Donostiarra Lacturalek hamazazpi puntu ditu eta Hondarribia Bertako Igogailuak, berriz, hamahiru.