Herriko igerilariek ederki hasi dute Itsas zeharkaldien denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2021eko uztailaren 28a

Buruntzaldea IKTko Nerea Santos Zarautzeko hondartzara iristen. Arg.: Buruntzaldea IKT

Lasarte-Oriako igerilariek igerilekuko lehia utzi eta itsasora egin dute jauzia. Itsas zeharkaldien denboraldia hasi da eta emaitza onak lortu dituzte

Uztailaren 18an, Buruntzaldea IKTko Nerea Santosek eman zion hasiera Getariako II. San Anton Biran eta podiumetik gertu geratu zen Urnietako igerilaria.
Zeharkaldiak 2.600 metroko luzera izan zuen eta Santosek 39 minutu eta 50 segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Horri esker, laugarren postuan sailkatu zen.

Uztailaren 24an eta 25ean, berriz, proba esanguratsua den Getaria-Zarautz zeharkaldia jokatu zen. COVID 19ak eragindako moldaketa batzuk izan zituen probak eta ibilbide aldaketaz gain, bi egun ezberdinetan jokatu ziren Zarautz-Ubiri-Zarautz proba eta Zarautz-Mollarri-Zarautz proba.

Uztailaren 24an, 5.000 metroko ibilbidea zuen Zarautz-Mollarri-Zarautz proban Lasarte-Oriako ordezkaririk egon ez bazen ere, Zarautz-Ubiri-Zarautz proban hainbat herritarrek eta Buruntzaldea IKT taldeko kideek parte hartu zuten.

Zarauzko uretan 3.000 metroko ibilbidea egin zuten igerilariek eta Buruntzaldea IKTko Nerea Santosek bere mailako zazpigarren postua eskuratu zuen, 48:53; Eneko Elizasuk, berriz, 21. postuan amaitu zuen zeharkaldia, 42:36. 

Julen Azpiroz (56:18) eta Aitor Santos (1:07:51) gazteak lehian atzerago ibili baziren ere, "gogotsu eta bikain" aritu zirela nabarmendu du Buruntzaldea IKTko arduradun Borja Apeztegiak. 

Master mailan ere izan ziren Buruntzaldea IKTko ordezkariak Igor Amantegi, Laura Igea eta Manu Santos "bikain lehiatu" ziren. Amantegik 56:18 denbora egin zuen; Igeak 57:02 eta Manu Santosek, azkenik, 1:09:15.

Juan Vicente Martin (50:05), Garikoitz Lopetegi (51:43), Andoni Illarreta (53:23) eta Ainara Benavente (1:00:30) herritarrek ere ibilbidea burutu zuten.