Tokio 2020

Maialen Chourrautek zilarrezko domina eskuratu du Joko Olinpikoetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 27a, 10:25
Maialen Chourraut, zilarrezko dominarekin. Arg.: rtve

Maialen Chourraut herritarrak historia egin du bere laugarren Joko Olinpikoetan. Final zirraragarrian, laugarren parte-hartzailea izan da eta Rioko urrezko domina eta Londreseko brontzezko dominari zilarrezkoa gehitu dio gaur Tokion

Finalerdian zazpigarren denbora egin ostean, finaleko laugarren atera da kanalera eta lasaitasunez egin dio aurre jaitsierari. Ez du akatsik egin eta jauzietako batean arazoa izan arren, zirkuituko azken zatian berreskuratu du denbora. Lehena jarri da helmugara iritsiz, 106,63.

Azken hiru parte-hartzaileak jaitsi arte sailkapeneko buru izan da herritarra. Ricarda Funk alemaniarrak gainditu du helmugan 105,50 eginda. Eliska Mintalova eta Jessica Fox faborita falta ziren eta biek huts egin dute. Mintalovak atea bat saltatu du eta Jessica Foxek bi ate ukitu ditu.

Brontzezko domina eskuan zuela ikusita negarrez hasi da herritarra eta zilarrezkoa lortu duela ikusitakoan pozez eztanda egin du. Rioko Joko olinpikoen antzera uretara jauzi egin du bere entrenatzaile eta senar Xabi Etxaniz eta selekzioko kideekin.

Domina jaso ostean, bere alaba Aneri eskaini dio.

Finalerdia

Lasai hasi du eguna herritarrak. Finalerako sailkapena buruan herritarrak jaitsiera lasaia egin du. Tamalez 23. atea ukitu du Chourrautek. Bi segundoko zigorra jaso du eta 109.92 amaitu du lehia. Bazekien finalean egoteko nahikoa izango zela eta finalerako prestatu da.