Iluntasuna musikarekin argitu du Olatz Salvadorrek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 25a, 10:18

Musikari donostiarrak bere bi diskoetako abestiekin betetako kontzertua eman du larunbat arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean.

Kea, argi urdina eta sarea. Agertoki erdian lanpara eta besaulki bana, lau bat eskailera mailaren amaieran. Olatz Salvadorrek eta berarekin jotzen duten hiru musikariak agertokira atera, eta "ilunpean" egotera etorritakoei agurra eginez ekin diote ordubete eta laurden inguru iraun duen kontzertuari. 

Bere bi diskoetako abestiekin osatu du errepertorioa, estreinako Zintzilik eta iaz argitaratutako Aho uhal lanak. Haietako Ahots hari, Zure egia, Nora, Lokarriak... jo ditu gitarra eskuen artean zuela batzuetan,  mikroa, besteetan. Ia guztietan dantzan ere egin du eta irribarrea ia etengabe izan du aurpegian, kantaren hitzek kontrakora eraman ezean. Korapilatzen berarekin abesteko eskatu die bertaratutakoei eta entzuteko moduan egin dute "kontzertuetako edo munduko une politena" iruditzen zaion hori lortuta. 

Ane Labaka idatzitako hitzekin bi abesti ditu Salvadorrek. Horietako bat, Ez gelditu hor kantatu du egileari aitortza egin eta eskertuta. Pandemiaren ondorioz Kulturari egindako murrizketak "ulergaitzak" bazaizkio ere "jarraituko dugu" aldarrikatu du. Kanta artean eta haien barruan, gainera, bere erreferenteetako batzuk azaleratu ditu Salvadorrek. Hitzen artean, Elvira Sastre poetaren lau olerki lerro entzun dira Eraman nazazu kantan edo Ana Isabel García Llorente 'Gata Cattana'-ren Con las manos poeman oinarritu du Eskuekin abestia.

Gezurrak gustuko ez dituelako edo, bisik gabe amaitu du kontzertua donostiarrak. Irten eta eskatuta bueltatzeko jolasa egin ohi ez dutela ohartarazi die aurretik bertaratutakoei, eta bete du. Zintzilik izan da azkena. Hori bukatuta, musikariekin eta pieza batean lagun izan duen dantzariarekin elkartuta, agertoki erdialdetik jaso du zutik jarri den ikuslegoaren txalo zaparrada. 

 

 

Erlazionatuak

Olatz Salvadorren 'Gelditu hor'

Txintxarri Aldizkaria 2021 uzt 25 Kultura