Sarek antolatutako bizikleta itzuliarekin bat egin dute zenbait lasarteoriatarrek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 24a, 16:04

Sare Herritarrak laugarren urtez antolatutako bizikleta itzuliaren azken tartea Gipuzkoan da gaur eta herritar talde batek bat egin du aldarrikapen ekintzarekin.

Azken lau urteetan bezala, Sarek bizikleta itzulia egin du uztaila amaieran. Ostegunean hasi eta gaur bertan amaitu duten ekintzan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan zabaldu dute pedalkadaz pedalkada urruntze politikaren amaieraren aldeko aldarria.

Lehen tartea Gaseren (Nafarroa) hasi eta Oionen (Araba) amaitu zuten ostegunean. Atzo, berriz, Bizkaian egin zuten, Sopelatik Mundakara joanez. Gaur Gipuzkoaren txanda izan da. Zumaiatik irten eta Donostian amaitu dute, hiriburua zeharkatuta.

Dozena bat lasarteoriatarrek bat egin du egitasmoarekin. 10:30ean elkartu dira Okendo plazan eta inguruan lehen pedalkadak egin ondoren, Errekaldera bidea hartu dute. Bertan, Donostiara bidean zetozen gainerako txirrindulariei gehitu zaizkie. 

Ekintza Ibilian-ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan kokatu dute antolatzaileek. Duela aste batzuk dinamikaren aurkezpenean azaldu zutenez, "etxerako bidea" gauzatzera bideratuko dute estrategia. "Urruntze politikarekin guztiz amaitu, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetu eta legedia arrunta aplikatuz, euskal presoak dagokien etxerako bidea har dezaten urratsak ematean, hain zuzen ere".