'Hiru hitzetan': hiru konpainia, hiru pieza

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 24a, 10:54

XVI. Dantza Zirkuituak geldialdia egin du ostiral arratsaldean Oriarte Institutuko patioan. NODE, Amalia Elizaran & Xabier Zeberio eta Nerea Gurrutxaga & Oihana Vesga taldeek pieza labur bana eskaini dute Hiru hitzetan ikuskizunean.

Gorputzaren mugimenduaren bidez, erresilientziaren, ahalduntzearen eta askatasunaren artean bizi diren hiru emakume istorio elkartzen ditu dantza garaikideko ikuskizunak. Pieza bakoitzak 20 bat minutuko iraupena du eta estilo desberdinetatik egiten dute dantzariek euren bidea.

Antolatzaileek jarritako aulkien erdia baino gehixeago bete dituzte adin guztietako herritarrek, horien artean aipagarria da saio osoan bertan izan den gaztetxo talde bat. Aulkiek osatutako arkuaren erdigunean dantzara irten den lehena Amaia Elizaran izan da. OUT pieza eskaini du Xabier Zeberiok zuzenean jotako musikak lagunduta. Arropa erantzi eta mugimenduz mugimendu askatasuna irudikatu du.

Ondoren, NODE bikoteak gai beraren inguruko Emakumeak piezaren emanaldia egin du. Bidaia inposatu eta bortxatu bat egitera behartutako bi pertsonaia gorpuztu dituzte, elkar eraginez, mugimendu sinkronizatuekin askotan, estetikoki oso ederra izan den erakustaldian.

Amaitzeko, Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak hartu dute zabalgunea. Leiho zikin, zeru garbi izeneko piezan espazio fisikoak eta testuinguruek gorputzean nahiz genero jarreran duten eragina aztertu dute, emakumea objektu huts izatetik, hura ahalduntzera bidea uztatuz. Hasieran zinta arrosarekin zoruan lauki bat marraztu dute eta haren barruan dantzari ekin diote. Musika aldatzean handik kanpora atera eta inguruan aritu dira, erritmoak eta guneak mugimenduak nolabait baldintzatuta. Une batean lauki horren barruan bata bestearen gainean etzan, eta Donostiako hiru damatxo abestu dute. Gero, altxa eta elkarrekin dantza egin dute biek, laukitik kanpoko gunean.

Erlazionatuak

NODE konpainiaren 'Emakumeak'

Txintxarri Aldizkaria 2021 uzt 24 Kultura