Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.873 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia hamar (%9,8). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdean 36 kutsatze zenbatu dituzte ostegunean: hamaikana Andoainen eta Lasarte-Orian, hiruna, Urnietan, Hernanin eta Astigarragan, eta bi Usurbilen. Eremuei dagokienean, ez da aldaketarik. Azken udalerri hori salbu, gainerako bostak eremu gorrian daude.
Euskal Autonomia Erkidegoan 1.769 kutsatze diagnostikatu dituzte egindako 12.586 proben bidez. Hortaz, positibotasun tasa, % 14,1 da. Kasu berrietako 564 Gipuzkoan atzeman dituzte, 966, berriz, Bizkaian, eta 197, Araban. Gainerako 42 kutsatuak erkidegotik kanpoko herritarrak dira. Autonomia erkidegoa eremu gorrian dago eta; intzidentzia-tasa 731,10.
Osakidetzako erietxeei dagokienean, ostegunean, koronabirusak eragindako 47 lagun ospitaleratu zituzten, eta horiek batuta, 179 dira, 50 ZIU unitateetan.