Urdanpilleta eta Manterola, Zikuñaga Papelerako finalaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 23a, 09:15
Artetxe (bigarrena eskuinetik), partida jokatu baino lehen. Arg.: Rufino Rekalde.

Hernaniko Zikuñaga Papelera torneoko finalerdiak eta finala jokatuko dira hurrengo egunetan eta finalerdietan herritar bakarra izango da aurten, Peru Urdanpilleta gaztea. Bihar, 16:30etik aurrera, Manterolarekin batera, Deskarga erta Erauskin bikoteari egingo dio aurre

Senior mailan, Jon Pello Artetxek ezin izango du iazko txapela berretsi. Uztailaren 15ean izan zen  jardunaldian. EPLEko Urmeneta eta Zazpi Iturriko Beloki izan zuten arerio Artetxek eta EPLEko Arangurenek. 

Hasieratik arerioen menpe egon ziren. Zehazki, Urmeneta aurrelariak partidaren kontrola eraman zuen eta ez zien Artetxe-Aranguren bikoteari aukerarik eman. Ondorioz, 18-10 gailendu zen Urmeneta-Beloki bikotea eta Artetxe txapelketatik kanpo geratu zen.

Zorte bera izan zuen Intzako 2. mailako kadete bikoteak ere.Uztailaren 17an, larunbatearekin Diaz de Gereñuk eta Elosegik Añorga taldeko Arruti eta Zazpi Iturriko Plazaola izan zituzten aurrez aurre. Lasarteoriatarrek ezin izan zuten arerioa garaitu, 18-13 galdu zuten.

Txanponaren beste aldea Peru Urdanpilleta dugu. Uztailaren 14an, Urdanpilletak eta bere bikotekide Manterolak Hernani pilota elkarteko Martin eta Alegriaren aurka jokatu ziren.

Nagusitasunez irabazi zuten 6-18 eta bere sailkapen multzoko bi partidak irabazita final-erdikoetarako sailkatu zen zuzenean.

Aste honetan jokatu diren partidek erabaki dute euren arerioa. Paperean Martin eta Alegria finalerdiko arerio izango dituztela argitaratu badugu ere, okerreko informazioa eskaini dugu. Urdanpilleta eta Manterolaren aurkariak Hernani pilota elkarteko Julen Deskarga eta Lapkeko Jon Erauskin izango dira. Bihar, larunbata 24, 16:30ean izango da hitzordua.