UDAKO TXOKOAK 2021

Goiz magikoa, kantuan eta dantzan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 22a, 16:09

Ttakun KEren udako txokoetako haurrek gozatu ederra hartu dute gaur goizean, Oriarte Landaberri institutuko patioan. Bi gonbidatu bereziren bisita jaso dute: Porrotx pailazoarena eta Josu Txapartegi Txapas-ena, eskusoinu eta guzti eskuetan. 

Lasarte-Oria "herri magikoa eta koloretsua" dela esan ohi du Porrotx pailazoak, eta ez zaio arrazorik falta. Gaur goizean, adibidez, magia egin dute Ttakun KEren udako txokoetan parte hartzen ari diren haurrek. Magia, eta dantza, eta abestu, eta gozatu, eta txalotu, eta irribarre egin...eta abar luze bat. Ez dira bakarrik egon, pailazoaz gain, Josu Txapartegi Txapas ere gerturatu baita Oriarte Landaberri eraikinera, eskusoinu eta guzti.

Gogotik eragin dio instrumentuari Txapas-ek, baina horren aurretik, Porrotxekin batera, planeta honetako kolore eta elementu ugari zerrendatu, eta zakura sartu dituzte, bertatik ostadarra ateratzeko, ikus-entzule gazteen harridurarako.

Talde bakoitzak abesti bat eraman du prestatuta. Erdigunera atera dira guztiak, txandaka, eta bi gonbidatuekin batera abestu eta dantzatu dute: Elefantea da!', Txiki, txiki, txikia, Jon Braun, Ran Rober Ran... Errepertorio polita plazaratu dute haurrek eta begiraleek. 

Erlazionatuak