Donostia Arraun Lagunakek lehenengoz eskuratu du Euskadiko txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 22a, 11:00
Donostia Arraun Lagunakeko kideak, Euskadiko txapelketako banderarekin. Arg.: Eusko Label Liga

Donostia Arraun Lagunak traineruak balentria ederra lortu zuen asteazkenean. Gipuzkoako txapelketa lehenengoz irabazi ostean, Euskadiko Traineru Txapelketan nagusi izan zen

Lugañeneko kideek Lekeitiotik Donostiara eraman dute emakumezkoen taldearen lehen Euskadiko txapelketako bandera. "Egun garrantzitsua izan zen, lehen aldiz irabazi baitugu Arraun Lagunakeko nexkek Euskadiko txapelketa. Gainera, aurten Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabaztea poztasun eta indar handia ematen digu ligan aurrera jarraitzeko," adierazi digu Lugañeneko kide Aiora Belartieta herritarrak.

Herritarrak oraingoan lurretik ikusi behar izan zuen lehia, baina zirraraz bizi zuen. 

Ohorezko txandan lehiatu zen Donostia Arraun Lagunak Orio Orialki, Deusto eta Ondarroaren aurka. 

Gipuzkoako bi traineru Donostia Arraun Lagunak eta Orio Orialkik hasieratik hartu zieten aurre Bizkaiko ordezkariei. Bien arteko lehia handia izan zen lehen luzean. Hala ere, Lugañen aurretik zihoan eta luzearen bigarren zatian pixkanaka tartea ireki zuen. Lehena iritsi zen ziabogara Oriotik bost segundora.

Bigarren luzean, gainera, aldea handituz joan zen eta momenturen batean, hamar segundoko aldea izan zen Lugañene eta Orioko traineruaren artean.
Helmugara iristean pozez eztanda egin zuten Donostiako traineruko kideek. 

Ezin garaipena lortu

Lehen txandan, berriz, Intza Fernandez kide duen Hondarribiak ezin izan zuen garaipena eskuratu. 

Hiru ontzik bakarrik parte hartu zuten txanda honetan, Zumaiako arraunlari batek positibo eman baitzuen. Beraz, Tolosaldea eta Donostiarra Lacturale izan zituzten arerio berdeek.

Donostiarrak egin zuen denborarik onena hirugarren postua eskuratuz. Nahiz eta bere txandan Hondarribiak bigarren postua lortu, ehuneko gutxi batzuengatik sailkapen orokorreko bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. 

Gizonezkoen lehian, Gaizka Ormazabal kide duen San Pedro Ohorezko mailako borrokan egon zen. KAE1eko ordezkari bakarra izan zen Libia eta nabaritu zen. Lan ederra egin arren, azken postuan amaitu zuten lehia.