Larunbatean, uztailaren 17an, Chapel Gorri proban zehar tropela tinko mantendu zen arren, helmugatik 27. kilometrora hiruko bat ihesi atera zen.
Abaltzisketako mendate igotzean, ihesaldian zegoen Gorka Corresek erritmoa aldatu eta atzean utzi zituen bere arerioak. Gainera pelotoia luzatzen joan zen eta taldetxo bat sortu zen iheslariak harrapatu nahian, bertan zegoen Buruntzazpiko Adur Tapia gaztea.
Talde horrek hirugarren iheslariarekin bat egin zuen eta azken kilometroan, hirugarren postua lehiatzeko prestatu ziren. Tapiak jo zuen esprinta, baina ezin erritmoa ongi mantendu eta 5. postuan amaitu zuen. Bere taldekide Aranguren hamabosgarren helmugaratu zen.
Azpeitiko San Inazio proban ere lehian ikusi ahal izan genituen Buruntzazpiko kadeteak. Eraso ugari izan ziren eta horietako bat Buruntzazpiko Tapiak egin zuen, baina tropelak ongi erantzun zuen horiek zapuzten.
Azken kilometroan, berriz, Jokin Ascarayk eta Nikolai Asensiok ihes egin zuten eta pelotoia luzatu zen. Jarraitzaileen lehen taldean kokatu ziren Buruntzazpiko kadeteak, esprinta egin eta Tapia zazpigarren eta Aranguren zortzigarren iritsi ziren helmugara.