Mendi-aterpetxeak eta ostatuak protagonista, Txusma Perez Azacetaren azken liburuan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 21a, 13:00
Txusma Perez Azaceta eta argitaratu berri duen liburuaren azala. Arg.: SUA edizioak / Txintxarri aldizkaria

Liburu dendetara iritsi berri da Txusma Perez Azacetaren azken lana, 'Ascensiones desde refugios y albergues de montaña'. Sua edizioaren Euskal Herria Bildumako azken zenbakia da herrian bizi den legazpiarrak argitaratutakoa. Hitzaurrea Koldo Aldazek idatzi du

Bortiri, Belagua edo Linzako mendi-aterpeak, Urbiako Fonda,  Urbasako kanpina... mendi-aterpetxeak eta ostatuak abiapuntu dituzten hogeita zazpi ibilbide bildu ditu Txusma Perez Azaceta mendizale eta idazleak Ascensiones desde refugios y albergues de montaña liburuan. 

Aurkezpen fitxan aipatzen den modura, Euskal Herriko mendi-ostatu eta aterpetxeak aukera bikaina dira igoera politak egiteko eta, aldi berean, naturaren erdian mendi-giroaz gozatzeko.

Era honetara, aterpetxe horietan gaua egin ostean, ikur diren Gorbeia, Joar, Erlo, Kartxela edo Auñamendi mendi tontorretara igotzeko proposamenak egiten ditu Perez Azacetak. Ez hori bakarrik, natura bere gorenean erakusten duten parajeak ere, hala nola, Bonete de San Tirso, Otsogorrigaña, Jorrios edo Aitzulo aurkezten ditu liburuak dituen 160 orrialdeetan zehar.

Liburua egiteko lagunez inguratu da Perez Azaceta eta horregatik, argitaratutako hainbat igoeretan lagun izan eta abenduan zendu zen Antxon Burcio mendizale eskaini nahi izan dio lan berria.