Arraun Lagunak, San Pedro eta Hondarribia Bertako Igogailuak, Euskadiko txapelketaren bila

Nerea Eizagirre 2021ko uzt. 21a, 10:45
Donostia Arraun Lagunak, Getxoko bandera jaso ostean. Arg.: Euskotren Liga / A. Arrizabalaga

Liga ezberdinetko lehia alde batera utzi eta gaur, 16:30etik aurrera, herritarrak kide dituzten Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia Bertako Igogailuak eta San Pedro ontziak Lekeitioko uretan borrokatuko dira Euskadiko txapela eskuratzeko. Euskotren Ligan, berriz, Lugañeneko eskifaiak Getxoko bandera irabaiz zuen igandean; Hondarribiak, berriz, bi bigarren postu eskuratu eta sailkapenean gora egin du

Euskadiko Traineru Txapelketa jokatuko da gaur, 16:30etik aurrera Lekeition. Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetan lehen lau postuak eskuratu zituzten ontziak lehiatuko dira horretan eta bertan izango dira, beraz, herriko kide dituzten traineruak.

Bai emakumezko, bai gizonezko lehietan bi txanda izango dira. Lehenean, eremu bakoitzeko hirugarren eta laugarren postuan sailkatutako ontziak borrokatuko dira eta bigarrenean, berriz, lehen eta bigarrenak. Ondorioz, Hondarribia Bertako Igogailuak lehen txandan lehiatuko da eta Donostia Arraun Lagunak eta San Pedro bigarrengoan izango dira.

Hondarribia bigarren

Euskotren ligari dagokionez, iragan asteburuan batean kale, bestean bale egin du Donostia Arraun Lagunakek. Orion hirugarren izan zen eta Getxon bandera eskuratu zuen. Eta berriro ere  Orio Orialkirekin berdindua dago sailkapeneko buruan.

Hondarribia Bertako igogailuak, berriz, bere indarra erakutsi zuen. Bi estropadetan bigarren postuan eskuratu eta sailkapenean gora egin du. Egun hirugarren postuan da Donostiarrarekin 11 puntura berdinduta.

Larunbatean, uztailaren 17an, Orioko XXI. Emakumezkoen Estropada - ORIO Kanpina IX. Bandera jokatu zen eta Orio Orialkik etxean utzi zuen bandera. Herrikideak dauden bi eskifaiak, Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako igogailuak, bigarren postuarengatik lehiatu ziren eta berdeen alde egin zuen patuak.

Intza Fernandez Hondarribia Bertako Igogailuakeko kideak jakitera eman digunez, asteburuan estrategia aldaketa egin zuen eskifaiak. "Estropada lehiatzeko beste estrategia bat erabiliko zela erabaki zuten eta asteko entrenamenduak horri begira egin genituen. Larunbatean proba egin eta ziur ginen ongi egingo genuela. Dena ematera atera ginen eta ongi joan zen".

Lehia handia izan zen estropada hasieratik. Lau ontziak berdintsu atera ziren, baina lehen luzean aurre hartu zuen Oriok eta ziabogara lehena iritsi zen. 

Atzean Hondarribia Bertako Igogailuak eta Donostia Arraun Lagunak traineruen arteko borroka handia izan zen.Hondarribiak eraman zuen saria. Ziabogan bigarren iritsi eta bertan lortutako tartea mantentzea lortu zuen bigarren luzean.

"Bi egunetan Hondarribiak maila handiko traineru bat dela erakutsi du," onartu du Lugañeneko tostako kide Aiora Belartieta herritarrak.

Euren jardunari buruz, "gure sentsazioak traineru barruan ez ziren onak izan baino estropada ez zen gaizki atera. Ikusi da akats txikiek asko baldintzatzen dutela," adierazi du Belartietak. 

Hondarribia Bertako Igogailuak Orioko Bandera lehiatzen. Arg.: Euskotren Liga / A. Arrizabalaga

Bandera berria

Bestelakoa izan zen igandean Getxoko Estropaden XIII Ikurriñeko egoera. Donostia Arraun Lagunakek errebantxa  hartu zuen eta Donostiara joan zen bandera. 

Lau traineruak batera egin zituzten lehen metroak baina pixkanaka Lugañeneko eskifaiak tartea ireki zuen. "Lehenengo paladatik sentsazio onak eduki genituen estropadan zehar eta konfiantzaz jarraitu genuen aurrera," adierazi du Lugañene eskifaiako kide Belartietak.

Era horretara, ziabogara lehen iritsi zen Hondarribia atzean bost segundotara zuela. Bigarren luzean, gainera, errenta handitu zuen eta Hondarribiak baino zazpi segundo lehenago zeharkatu zuen helmuga.

"Ziabogatik lehena ateratzeak mentalki indar handia ematen du gogor aurrera jarraitzeko. Burua hotz mantentzea garrantzitsua da ere egoera horietan," onartu du Donostia Arraun Lagunakeko kideak.

Intza Fernandezek azaldu duenez, "asteburu honetan ikusi dugu zer egin estropadan ongi joateko eta orain gorakoa egiten saiatuko gara".

Gaur Euskadiko txapelketan izango dute lehian egiteko aukera berria.