Buruntzaldea IKTko igerilariak, denboraldiko azken proban markak ontzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 20a, 12:00
Kontrol txapelketan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Uztailaren 17-18 asteburuan, Buruntzaldea IKTko Eneko Elizasu, Unai G. Somovilla, Nahia Zudaire eta Nora Imaz taldekideek GIF Absolutuen Kontrol Txapelketa lehiatu zuten, Irungo Azken Portu igerilekuan. Guztiek euren markak berritu zituzten

Ezbehar batekin hasi zen lehiaketa Buruntzaldea IKTko kideentzat. Lehiaketan parte hartzeko zen Aintzane Sarobek beroketetan agur esan behar izan zion denboraldiko azken txapelketari. Zoritxarreko gertaera medio, kolpe handia jaso zuen belaunean eta ezin izan zuen bere probetan igeri egin.

Trantze txarra igarota, Buruntzaldea IKTko gainerako igerilariek euren markak hobetu zituzten. Emaitzarik esanguratsuenak Unai G. Somovillak eskuratu zituen. 

Bular estiloko hiru probetan parte hartu zuen gazteak eta hiruetan bere markak nabarmen ondu zituen. 100 metroko proban egin zuen balentriarik handiena, 1:12,39 eginez;  50 metroko proban marka berria 31,89an ezarri zuen eta 200 metro proban, aurreko marka hiru segundotan hobetu zuen,  2:37,10. Hiru markak Buruntzaldea IKTko absolutu mailako errekor berriak dira.

Espainiako txapelketatik at

Nora Imazek ere bere markak berritu zituen proba luzeetan. Estilo libreko 800 m. eta 1500 m. probetan lehiatu zen; 9:23,92 eta 18:09,03 markak egin zituen, hurrenez hurren. 

Apeztegiak nabarmendu duenez, biekin Espainiako Udako Junior Txapelketarako sailkatuko litzateke Imaz. Tamalez, aurten rankingeko hamabost hoberenek bakarrik parte hartu ahalko dute txapelketan eta Buruntzaldea IKTko igerilaria 1.500 metro probako sailkapenean 24. postuan da eta 800 m. proban, aldiz, 21.a da.

Joko Paralinpiarretarako prestatzen

Nahia Zudairek 400 m. libre eta 800 m. libre probetan parte hartu eta bietan marka pertsonalak berriak lortu zituen. 400 metroko proban, 5:02,36 eta 800 metrokoan, berriz, 10:35,72 egin zituen. Gainera, pasean 200 m. libreko marka ere berritu zuen, 2:20,38. Era honetara,  igeriketa egokituko S8 klasean taldeko 3 errekor berri ezarri zituen.

Buruntzaldea IKTko prestatzaileak adierazi duenez, "lehiaketa hau amaituta Tokioko Paralinpiar Jokoei begira dago Nahia, bertan lehiatzeko azken entrenamenduetan buru belarri sartuta".

Azkenik, Eneko Elizasuk bere marka onenetatik gertu ibili zela nabarmendu du Apeztegiak. "Marka onak egitea lortu zuen lehiatutako probetan. Lehiaketa aurreko azken hilabete eta erdian sorbaldako arazoekin izan da, eta azken astean zehar arazoa aritzea lortu duen arren, entrenamenduan eragin dio eta ez da formaz nahi bezain ondo iritsi," adierazi du.

Horrez gain, denboraldia amaituta,  Buruntzaldea IKTko prestatzaileak igerilari guztiak zoriondu nahi ditu "egindako denboraldiagatik, egindako lan guztiagatik eta erakutsitako konpromisoagatik".

Era berean, ahalik eta errekuperazio azkarrena eta onena opa nahi die Sarobe eta Elizasuri.