IRITZIA

Pardelak birziklatzeko ordua heldu da

Julen Begiristain Baztan herritarrak iritzi artikulua bidali du TXINTXARRI aldizkariko erredakziora. Honela dio:

"Pardelak eta higiene produktuak zabor bilakatzen ditugun emergentzia klimatikoko garai hauetan, pausu bat aurrera egiteko ordua heldu da. Gainera, prest gaude horretarako. Gipuzkoan bada Birzitek deituriko empresa bat Goierrin, pardelak eta higiene produktuak birziklatzeko gaitasuna duena. Teknologia eta ezagutza baditugu, baita lehengaia ere, zeren zain gaude?

Gipuzkoan 20.000 bat tona hondakin suposatzen dute pardelek eta higiene produktuek. Hondakinak ondo bereiztu eta gero geratzen den errefuxaren %70 direlarik produktu hauek. Pausu hau emateak mundu mailan erreferentzi bat piztea litzake ere. Geure burua erreferente bezela nabarmentzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere baitan birziklapenaren Kluster bat dauka. Bertan birziklapenarekin zerikusia duten enpresen multzo batez osaturik dago. Tartean Birzitek. Kluster hau 2016an sortu zuten eta beraien hitzetan I+G+B sustatu nahi dute eta hondakin politiketan eragin, berrerabilpen eta birziklapen ereduak sustatuz.

Honi gehitu behar zaio udalerri askotan produktu hauek bereizita jasotzen direla, mankomunitateka herri kopuru hauetan jasotzen dira: Sasietan (16 herri), Tolosaldea (4), Urola Erdia (1), San Marko (3) eta Debagoiena (2)

Beraz ideia badaukagu, teknologia eta gaitasuna baita ere, lehengairik ez da falta eta bilketa bereiztua ere egiten da. Orduan, zergatik ez da abian jartzen pardel eta produktu higienikoen birziklatzea?

Gai honek berebiziko garrantzia du eta iruditzen zaigu GHK-k (hondakinen kontsorzioak) bere kargu hartu behar duela prozesu honen gidaritza eta exekuzioa. Herritar askok ondo jokatzen dute hondakinen bereizketaren kasuan eta haratago joan nahi dute pardelak ere birziklatuz. Gizartearen eskaera bat da. Zerbitzu honek eskeiniko lukeen lorpen gehigarri hori pizgarria da Gipuzkoarentzat zein bere herritarrentzat, norabide onean beste urrats bat. GHKri prozesu honen berehalako funtzionamendua abiatu dezan eskatzen diogu.

BABES BILA:
Gipuzkoako ingurumen diputatuak gai honen inguruan adierazi dadin sinadurak jasotzen gaude osoigo.com plataformaren bidez. Izena eman eta ondorengo estekan babesa eman behar da. 500era iristean publikoki erantzungo digu. Eskerrik asko".