Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana urratzen jarraitzen duela salatu du Eguzki Talde Ekologistak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 19a, 16:34

Lasarte-Oria eta Txikierdi (Usurbil) arteko bidegorria eraikitzen hasi diren arren, lan horiek  Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak aurreikusten duen Donostia eta Mutriku arteko ibilbidearen zati bat baino ez direla adierazi du talde ekologistak, eta, azpimarratu dute, aurreikuspenen arabera dagoeneko eraikita egon beharko lukeela

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikleta eta Bideen Planak aurrera egiten duen seinale beharko lukete izan Lasarte-Oria eta Txikierdi (Usurbil) arteko bidegorriaren lanek, baina, Eguzki Talde Ekologistak ez du uste seinale ona denik. Taldearen ustez, lan horiek adierazten dute zenbateraino urratu duten aipatu plan hori. 

Iritzi hori argudiatu du taldeak. Azaldu du Lasarte-Oria eta Txikierdi (Usurbil) arteko kilometro bakarreko bidegorria "txikia eta apala" dela, eta, ez duela inolaz ere emango, aurreko zatiak, hau da, Errekalde eta Luzuriaga artekoak ematen duen zerbitzua. Aitortu dute, ordea, "begi bat gehiago" izango dela Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Donostia eta Mutriku ibilbidearen katean.

Gogorarazi dute Bizikleta Bideen Plana 2013ko ekainean onartu zutela, aho batez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek, eta,  Planifikatutako Oinarrizko Foru Sarean egiteke dauden bidegorri zatiak egiteko, hau da, sarea behingoz erabat osatzeko plana osatzeko zortzi urteko aurreikuspena zuela, lau urteko bi alditan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, hain zuzen. 

Hortaz, plan horren arabera, Lasarte-Oria eta Txikierdi (Usurbil) arteko bidegorri zatiak 2017rako amaituta egon behar zuela zehaztu du taldeko ekologistak, eta Donostia eta Mutriku ibilbideak, berriz, 2021erako oso-oso aurreratua egon beharko lukeela: "Planaren jatorrizko exekuzio-epea konplituta (ekainean konplitu zen), Donostia-Mutriku ibilbidea osatzeko falta ziren tarteez hitz egiten aritzeko moduan egon beharko genuke, eta, aldiz, Lasarte-Oria eta Txikierdi arteko zatia behingoz eraikitzen hasi direlako hitz egiten ari gara". Eguzkiren ustez, horrek agerian uzten du Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbateraino urratu duen Bizikleta Bideen Plana. Kontatu dute, salaketa horiek Donostia eta Mutriku arteko ibilbideari dagozkiola, baina Donostia eta Irun edo Donostia eta Beasain arteko ibilbideetan gertatzen ari diren "atzerapen eta urraketez" ere hitz egin dezaketela.

Azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundia aurreikusitako plana urratzen ari dela ez dela Eguzki Talde Ekologista osatzen dutenen iritzi edo irudipen bat: "Foru teknikariek berek, lehen laurtekoa pasatuta egin zuten txosten batean, argi eta garbi utzi zuten, Aldundiak indar gehiago egin ezean, berez zortzi urtean gauzatu behar zen Plana gauzatzeko hamazazpi urte beharko zirela". Eta, azpimarratu dute horixe dela gertatzen ari dena: "Foru Aldunditik etengabe goresten ari dira bizikletaren bertuteak, baina propaganda hutsa da. Beste alor askotan bezala, egiten dute egingo balute bezala, baina benetan egin gabe. Greenwashing hutsa. Iazko urriaren 28an, Rafaela Romero diputatuak urtea bukatu baino lehen (2020 bukatu baino lehen, alegia) pandemia garaian txirrindularien eta Oinezkoen Mugikortasuna Sustatzeko Premiazko Jarduketen Plan Integrala aurkeztuko zuela ere iragarri zuen. Gaur arte".