Ikasleen euskarazko jarduna jorratzeko hitzarmena

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 19a, 15:46
Ezker-eskuin: Noemi Gutierrez (Burunzpe), Agustin Valdivia alkatea, Jon Antxordoki Euskara batzordeburua, Ana Agirre (Landaberri) eta Ainhoa Illarramendi (Oriartekide).

Lasarte-Oriako Udalak eta herriko hiru ikastetxeetako guraso elkarteek (Burunzpe, Landaberri eta Oriartekide) 2021-2022 ikasturterako lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte. Helburua da ikasleen euskarazko trebetasunak eta ohiturak indartzea, bereziki jarrerak hobetzeko eta erabilera aukerak gehitzeko. Hiruen artean 69.685 euro jasoko dituzte, iaz baino %6,5 gehiago.

Agustin Valdivia alkateak, Jon Antxordoki Euskara batzordeburuak eta hiru guraso elkarteetako ordezkariek (Noemi Gutierrezek Burunzperen izenean, Ana Agirrek Landaberrirenean eta Ainhoa Illarramendik Oriartekiderenean) sinatu dituzte datorren kurtsorako hitzarmenak, udaletxean. Antxordokik azpimarratu du diru ekarpena ez dela "soilik programa batzuk egiteagatik dirulaguntza emate soil bat; udalak eta hiru guraso elkarteek elkarrekin landu dituzte gure herriko haur eta gazteen euskalduntasuna indartzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak". 

Hitzartutako programak

Burunzpe guraso elkarteak 12.500 euro jasoko ditu 2021-2022 ikasturtean. Zortzi programa jaso dituzte lankidetza akordioan: gurasoentzako euskarazko eskolak; Hezitzaileek asko egin dezakete; euskarazko aldizkarien irakurketa; Esazu aldizkaria; Gu ere bertsotan; Sasoetako bertso-eskola; eta jolasgaraiak dinamizatzeko proiektua.

Landaberri guraso elkarteari 27.439,10 euro emango dizkio udalak, datorren kurtsoan honako egitasmo hauek garatu ditzan: Irria eta Irrintzi aldizkariak; pertsonaia ezagunen bisitak; Hezitzaileek asko egin dezakete; Gu ere bertsotan; gurasoentzako euskara eskolak; Landaberriko bertso eskola; Euskararen Eguna eta Euskaraz tinko patioan

Oriartekideri dagokionez, Elemeleka izena duen programa ikastetxeko sei ikasmailetako talde guztietan aplikatzea da lankidetza hitzarmenaren muina. Egitasmo horren xede nagusia da gazteen hizkuntza sozializazioa euskaraz izan dadin laguntzea; 2018an esperimentatutako Nerabeak Euskaraldian ikerketa ekintzan du oinarria. Proiektu hori ez ezik, hauek ere lagunduko ditu diruz udalak: Gazte eragileen batzordeak (hiru guztira), pertsonaia ezagunen bisitak, Oriarteko bertso eskola, Euskarazko aldizkarien irakurketa sustatzeko programa eta noka ikastaro bat daude bilduta. 29.745,50 euro jasoko ditu guraso elkarte horrek.