Rock doinu ezagunak ekarri ditu Willis Drummondek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 18a, 10:17

Talde baionatarrak ordu eta laurden inguruko zuzenekoa eskaini du larunbat arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxean. 

Beste talde askori bezala, pandemiak formatua aldatzera behartu du Willis Drummond. Eserita, akustikoan eta maiz ia ilunpean utzi dituen argi aldaketekin izan bada ere, aretoan zeudenek berdin-berdin gozatu dute lau musikarien lanarekin. Txaloekin argi utzi diete agertokian zeudenei, baita noizean behin abestuz edo dantza eginez ere. 

David Pérez Sañudok zuzendutako Ane filmaren musikaren parte den Nahita nahi ez kantarekin hasi dute emanaldia eta haren ondotik, Zugzwang azken diskoko kantak aurreko lanetako beste batzuekin tartekatzen joan dira: Hori dena, Bigarren aukera, Lurrunaren atzean, Gaztetasuna eta zahartasuna, Noiz da gero?...

Motz egin zaie kontzertua bertaratu direnei. Ordubetea urratua zutenean, amaitzeko ordua zela jakinarazi dietenean, atsekabe hasperenak entzun baitira. Txaloen ondoren, biserako itzuli dira elkarren ondoan, ilaran, eseri dira agertoki aurrean agur berezia egiteko.