SANTA ANA 2021

Artisautza azoka jendetsua egin dute Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 18a, 21:14

Santa Ana Egunerako oraindik zortzi egun falta badira ere, sanduaren omenez egin ohi duten artisau azokak Okendo plaza jendez bete du, aspaldiko partez. 40 bat postuk hartu dute zabalgunea goiz eta arratsalde, herritar askoren interesa piztuz.

Pandemiak behartutako iazko etenaldiaren ondoren, 36. Santa Anako artisautza azoka aurrera eraman dute igandean. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean askotariko produktuak erosteko aukera izan dute lasarteoriatarrek. Eguraldi ona lagun, ez dira gutxi izan 40 postuetan eskaintzen zutena ikustera bertaratu direnak.

Hesiz inguratuta, azokaren sarreretan gela zegoen eskuak garbitzeko, eta edukieraz gain, antolatzaileek denek musukoa jantzita zutela ere kontrolatu dute. Hain zuzen ere argazkirako jaitsi duten zurgileei hura jaitsi duten unean bertan esan diete berriz jartzeko. Hala ere, egoera ikusita, irudia egiteko tartetxoa utzi diete. Hain zuzen ere, artisau hauek kexu ziren beste urteetan baino jende gutxiago bertaratu delako. 

Batetik bestera ibiltzeaz gain, selerosketak ere egin dituzte. Zer erosi erabakitzerakoan, hautua bereziki zaila izan dute jatea gustuko dutenek, eskaintza zabala bezain atsegingarria baitzen: ogia, pastelak, erroskillak, hestebeteak, olioa, garagardo artisaua... Gainerakoan, San Pedro elizaren maketak erakarri ditu begirada gehien. Albotik igaro den ia edonork begiratu du leihoren batetik, eta nola ez, argazkiren bat egin ere. 

Erakustaldiak ere izan dira arkupean. Hatzak nekatuko zitzaizkien ehoziri lanean iaiotasunez ari den emakume taldeari. Hari asko erabili ditu gaur. Egur zati batetik irudi ikusgarriak ere atera daitezkeela ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek, besteak beste. 

Halaber, haurrak ez aspertzeko txoko batean jarri dituzte zenbait mahai eta begirale batzuen laguntzarekin eskulanak egiteko aukera izan dute: koloretako irudiak, zotzak erabilita egindakoak, artisau jokoak, globoekin jolasa eta loreak. Goizean parte hartzaile gutxiago izan badituzte, arratsaldean dozena bat haur inguru ibili dira eskulanak egiten.