Musika dantzagarriz betetako kasetea osatu du Eidabek ikus-entzuleen laguntzarekin

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 17a, 11:19

Kale antzerkia bultzatuz egitasmoaren barruan, talde bizkaitarrak Gora kasete! haur ikuskizunaren emanaldia egin du ostiral arratsaldean Oriarteko jolastokian. Nagusiki, 1980 eta 1990 hamarkadetako musikaz betetako zinta prestatu dute haur nahiz helduen gozamenerako.

Izeba Margaritaren urtebetetze eguna da eta hura zoriontzeko Salamancara bidean musika kasete bat grabatzea erabaki dute Eidabeko kideek. Izeba martxosoena dute eta pop dantzagarria gustuko du, beraz, halako kantekin osatutako zinta bat oparitu nahi diote. Bere bizitzako kantak aukeratu dituzte eta haiek grabatzeko, Oriarteko jolastokira joandako pertsonei laguntza eskatu diete.

Lehenik, noski, kasetea zer den azaldu diete txikienei, baita agertokiaren atzealdeko radio-kasete erraldoiak nola funtzionatzen duen ere. Hala, aktoreek "play" esaten zuten bakoitzean "rec" oihukatzeko eskatu diete. Bidean, halaber, beste gauza batzuk ere proposatu dizkiete: dantzan egiteko, mugimenduak errepikatzeko, eskuak garbitzeko... azken hori, ordea, ikusleak "ureztatzeko" tranpa txiki bat zen. 

Haurrek ondo pasa badute, beraiekin zeuden helduek edo ikuskizuna ikustera bertaratu direnek, are gehiago. Bidaia nostalgiko egiteko aukera izan dute haurtzaroko edo gaztaroko (adinaren arabera) kantak entzunda, eta kaseteen zintaren korapiloak askatu edota aurrera nahiz atzera mugitzeko arkatza edo boligrafoa baino tresna hoberik ez zela gogoratuta. 

Queen, Grease, The Proclaimers, Kortatu, Negu Gorriak eta beste askoren abestiekin kasetea bete dutenean, aulkietako batean eserita zegoen izeba Margaritari eman diote; eta, talde argazkia egin ondoren, Abbaren kantekin bukatu dute saioa.