COVID-19

Eremu gorrian sartu da Lasarte-Oria

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 16a, 13:16

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzoko datu epidemiologikoak biltzen dituen txostena argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian zortzi positibo baieztatu dituzte ostegunean, bezperan baino hamaika gutxiago. Azken hamalau egunetan 79 kutsatze atzeman dituzte herrian, eta eremu laranjatik gorrira pasatu da; intzidentzia-tasa 404,31 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.828 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,5). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean 27 positibo zenbatu dituzte ostegunean: zortzi, Lasarte-Orian; zazpi, Andoainen; bost, Hernanin;  lau, Urnietan; bi, Astigarragan; eta bat, Usurbilen. Lasarte-Oria eremu laranjatik gorrira igaro da egun bakarrean; gainerako udalerritan ez dago aldaketarik azken egunekin alderatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoan 1.345 kutsatze diagnostikatu dituzte egindako 11.894 proben bidez. Hortaz, positibotasun tasa, % 11,3 da. Kasu berrietako 482 Gipuzkoan atzeman dituzte, 672, berriz, Bizkaian, eta 163, Araban. Gainerako 28 kutsatuak erkidegotik kanpoko herritarrak dira. Autonomia erkidegoa eremu gorrian dago eta; intzidentzia-tasak pixka bat gora egin zuen atzo ere: 458,24

Osakidetzako erietxeei dagokienean, ostegunean, koronabirusak eragindako 47 lagun ospitaleratu zituzten, eta horiek batuta, 126 dira, 31 ZIU unitateetan.