Mansok hasiera ona, Euskadiko Mendi igoeren txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 15a, 14:00
Aitor Manso, Jaizkibelgo igoerako txandetako batean lehian. Arg.: Ruben Montori.

XLIII. Jaizkibelgo igoerak Euskadiko Mendi igoeren denboraldia hasiera eman zion uztailaren 10-11 asteburuan. Lezotik Hondarribira doan GI-3440 errepidean, 65 ibilgailu izan ziren ia 5 kilometro eta erdiko ibilbidean barrena denbora onena lortzeko borrokan. Horien artean izan ziren Aitor Manso, Pablo Muga eta Ekaitz Kortaxarena herritarrak

Parte-hartzaileek entrenamendu bakarra egin ahal izan zuten lasterketako bi txandak baino lehen. Guztietan azkarrena Joseba Iraola izan zen. Bere denborarik onena bi minutu eta 23,389 segundokoa izan zen.

Herritarren artean, Aitor Manso izan zen sailkapenik onena lortu zuena. BRC B49 kotxearekin CM Promo mailako hirugarren postua lortu zuen bi minutu eta 46,588 segundoko igoerari esker. 

Mansok Jaizkibelgo igoera "etxe ondoko proba" dela adierazi du. "Oso ondo ezagutzen dut ibilbidea eta eroso igo nintzen".

Entrenamenduetan CM Promo mailako bigarren denborarik onena egin zuen (2'54,463") eta horrek lasterketarako indarrak eman zizkion. 

Lehen txandan denbora hobetzea lortu zuen (2'47,827"), baina arazo teknikoak medio, bigarrenean ibilgailuak ehuneko ehunekoa eman ezin izan zuela onartu du. "Aldagailuko pieza batekin arazoa izan genuen eta ezin izan genuen ezer egin. Nire kotxeko aldagailua lozagiarik gabea da, hirugarrena sartu dezaket lozagiarik gabe. Arazo teknikoa dela eta, lozagia erabili behar izan nuen eta horrek denbora galtzea suposatu zuen".

Hala ere, igoeran lortutako emaitzekin pozik da herritarra. "Gustura nago kotxe berriari pixkanaka-pixkanaka esku hartzen noalako. Ea hurrengo lasterketarako hobetzen dugun. Baina pauso handi bat eman dugu dagoeneko".

Izan ere, berriro ere, auto eta maila berrira moldatzen ari da gidaria. "Jendeak hamar urte daramatza igoerak egiten, ni lehengo urtean hasi nintzen eta aurten kotxe berria dut. Nahiz eta aurtengo bigarren lasterketa izan, aurrean gaudela sentitzen dut. Azkar goaz egia esan," onartu du.

Gipuzkoako txapelketa helburu

Lortutako postuari esker, hasi berri den Euskal Herriko txapelketan bigarren postuan sailkatu da. 

Joseba Iraola da buru eta txapela oraingoz eskuraezina dela jakitun da Lasarte-Oriako gidari gaztea. "Iraolak beste maila batean lehiatzen du. Bere kotxeak eta nireak ez dute zer ikusirik. Esate baterako, motor ezberdina dute. Nireak 200 zaldi ditu eta bereak gutxi gorabehera 450 izango ditu. Nirearen bikoitza da hori". 

Gipuzkoako txapelketan berriz, lehen postuan da eta hori eskuratzeko lan egingo duela aitortu du herritarrak. "Oraingoz lehen postuan gara eta bertan mantendu nahi dugu".

Turismo mailan

Bestalde, Pablo Muga eta Ekaitz Kortaxarena herritarrak turismo mailan lehiatu ziren.

Mugak Renault Clio Sporta gidatzen egin zuen ibilbidea eta azken igoeran egin zuen denborarik onena, 3:13.672. Sailkapen orokorreko hamaseigarren eta A2 mailako bosgarren izan zen.

Kortaxarenak, berriz,  entrenamenduetan istripua izan zuen eta Citroen Saxo VTSak eskuin aldeko atzealdean kolpe ederra jaso zuen. Nahiz eta herriko gidaria ongi egon, kotxeko egoera dela eta, ezin izan zuen lasterketan jarraitu.

Euskadiko Mendi igoeren txapelketak, guztia ondo bidean,  lau hitzordu izango ditu aurten.Lastertu berri den Jaizkibelgo igoera eta iraila eta urrian aurreikusiak dauden Jatako igoera, Aiako igoera eta Urrakiko igoera.

Bi hilabeteko atsedena izango da beraz txapelketan eta autoak prest izateko lan egingo dute herritarrek eta entrenamendu modura, Nafarroako txapelketako probetan parte hartu ahalko dute. Uztailaren 31n, esate baterako, Etxalarko igoera lehiatuko da eta Aitor Mansok parte hartuko duela aurreratu du.