Hori erabaki du Eusko Jaurlaritzako LABI batzordeak; gauerditik 06:00etara arte bizikide ez diren pertsonen kaleko topaketak debekatzea. Kalean jende taldeak elkartzea debekatu du, eta bihar gauerditik aurrera sartuko da indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, dekretu bidez onartu duten erabakia. Hortaz, 00:00etatik 06:00etara bizikideen arteko topaketak soilik onartuko dituzte kalean.
COVID-19aren izurria kontrolatzeko asmoz hartu du erabaki hori LABIk, eta jai giroko topaketak ekiditea du helburu. Hain zuzen ere, azken egunotan zenbatutako positibo kasuen gorakadaren sorburua gisa horretako topaketetan dagoela iritzi baitute batzordeko kideek.
Neurri berri hori ezartzearekin batera, orain arte indarrean daudenak mantentzea ere erabaki du.
Maskara erabiltzeko deia herritarrei
Azken asteetan COVID-19ak izan duen hedapenaren aurrean, zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, beste behin, Iñigo Urkullu lehendakariak, eta maskara erabiltzeko deia egin die herritarrei. Lehendakariak uste du "maskararik gabeko harremanen ondorioz" gertatu dela kutsatzeen gorakada, eta horri aurre egiteko maskararen erabileraren aldeko aldarria egin du.