Ttakun Kultur Elkarteak eta Udalak euskara sustatzeko hitzarmena berretsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 14a, 14:30
Udal eta Ttakun kultur elkarteko ordezkariek elkarrekin euskararen normalizazion lanean jarraitzeko hitzarmena sinatu dute.

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak herritarren hizkuntza-ohiturak astintzea helburu duen lankidetza-hitzarmena berritu dute

Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia, Jon Antxordoki Euskara Batzorde burua eta Mari Karmen Ormazabal Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria 2021-2022 ikasturteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko bildu dira gaur.

Ttakun Kultur Elkarteak 180.686,06 euro jasoko ditu alor ezberdinetako zazpi egitasmo aurrera eramateko. Aurreko ikasturtean ere laguntza bera jaso zuen.

Aisiaren arloan etxeko txiki eta gazteei zuzendutako Amaraun Kluba eta Gazte-kluba eta 12 eta 18 urte artekoei zuzendutako Kuadrillategi martxan izango ditu.

Helduen euskalduntzean ere lan eskerga handia egingo du elkarteak Solaskide eta Gurasolandia eta Gurasolagun egitasmoen bitartez.

Euskal Jaia, udaberriko bertso-saioa eta beste hainbat ikastaro antolatuko ditu elkarteak Kulturgintza euskararen eskutik  ekimenaren barruan.

Irakurtzen ari zaren Txintxarri aldizkariko edizio digitala, zein paperezko edizioa ere babestuko dira laguntza honen bitartez.

Eta ezin ahaztu, Euskararen 10. Maratoia. 2.020 urtean egitekoa zen arren, bizi dugun egoerarengatik 2.022 urteko urrira atzeratu da euskararen festa handia eta hurrengo ikasturtean prestaketekin hasiko da Ttakun Kultur Elkartea.

Eredugarria 

Udal ordezkariek urte zail hauetan Ttakun Kultur Elkartearekin duen hitzarmenari eutsi izana azpimarratu dute agerraldian.

Era berean, Euskara Batzorde buru Jon Antxordokik akordio honen bitartez, bi erakundeak Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro eta egitasmo nagusiak elkarrekin lantzen ari direla ekarri du gogora. "Ez da programa batzuk egiteagatik ematen den laguntza".

Hori dela eta, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek sinatutako hitzarmena eredugarria dela nabarmendu du. "Eredugarria hizkuntza gutxiagotu bat berreskuratzeko lankidetza publiko-soziala ezinbestekoa delako eta eredugarria ere, beste herri askoren erreferentzia garelako".