Herritarrek emaitza onak, mendi zein errepide lasterketetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 15a, 09:30
Miguel (ezkerrean) eta Borja (eskuinean) Granado, Val d'Aran by UTMBn. Arg.: Lasarte-Oria Trail Mendi elkartea

Val d'Aran by UTMB lehenengoz lehiatu da, Val d'Aran, Katalunian. 2020 urtean zen jokatzekoa, baina COVIDa dela eta bertan behera geratu zen eta uztailaren 9tik 11era, maila ezberdinetako ultra trail lau proba egin dituzte korrikalarien gozamenerako. Guztira nazioarteko 3.116 lasterkari izan dira lehian, baita Lasarte-Oria Traileko hiru kide ere: Miguel eta Borja Granado aita-semeak eta Ibon Aguirre

Bi probatan banatu dira LOTM taldeko kideak: Borjak Camins d'Hèr (CDH) proba aukeratu zuen eta Miguel eta Aguirrek, berriz, SKY Baqueira Beret lasterketa. Hirurek markak paregabeak lortu dituzte.

CDH proban, Borja Granado herritarrak 105,5 kilometroko ibilbidea egin zuen. Uztailaren 9an, ostegunean goizeko 7:30ean hasi zuen lasterketa Les herrian eta aurretik 6.582 metroko desnibel positiboko bidea zuen; bederatzi gailur igo zituen eta horietako bi 2.000 metro baino gehiagokoak ziren.

Hamasei ordu, 20 minutu eta 30 segundo behar izan zituen herritarrak Vielhan zegoen helmugara iristeko eta bertan zituen senitartekoak zain.

Marka horri esker, sailkapen orokorreko 20. postua eta senior mailako 11.a eskuratu zuen Borjak.

"Ongi kudeatu zituen indarrak, elikadura eta hidratazio estrategia egokia egin zuen, ez zuen digestio-arazorik izan... horrek guztiak horrelako proba gogor batean sekulako  errendimendua izatera eraman zuen," adierazi dute LOTM elkarteko arduradunek.

Borjak bere sare sozialetan argitaratu duenez, "erokeria honetan jarraitu duen" taldeari eskertua dago eta  hurrengo urtean Ultra Trail Mont Blanc probako Chamonixeko irteeran egotea espero du.

Lehenen artean

Borja iritsi eta ordu gutxietara, uztailaren 10ean, 9:30ean zehazki, Miguel Granado eta Ibon Aguirrek Pla de Bereten antolatu zen SKY proban parte hartu zuten.

Neguan Baqueira Bereteko eski pistak egon ohi diren eremuan 15 kilometroko eta 800 metro desnibel positiboko ibilbide zirkularra egin zuen bikoteak eta bidean Cap de Clòsos (2.418 m.) eta Cap dera Sèrra (2.248 m.) igo behar izan zituzten.

Ez zuten lan makala egin, Aguirrek ordu bat 33 minutu eta 56 segundotan egin zuen bidea; Miguelek, berriz, bi ordu 55 minutu eta 5 segundo.

Denbora horiei esker, Aguirre lehen hogeien artean sailkatu zen eta Miguel M3 edo 65 urte baino gehiagoko korrikalarien mailako buru izan zen.

Beasainen, laugarren

Mendiko probez gain, errepideko probetan ere izan ziren herritarrak. Herri lasterketak pixkanaka antolatzen hasi dira eta lau hilabeteko atzerapenarekin bada ere, Beasaingo herri lasterketa izan zen, uztailaren 11n. Bi proba izan ziren bata 11 kilometrotakoa eta bestea  5,5 kilometroko proba mistoa.

Bealak taldeak lasterketa koronabirusak ezarritako baldintzetara egokitzea lortu zuten eta 200 korrikalari baino gehiago Beasaingo kaleetan lasterka izan zen, hala nola, 11 kilometrotako proban Raul Gomez Margallo eta Gorka Gil herritarrak. 

Ia urte bete lasterketarik egin gabe egon ostean, lehen artean izan ziren lehian. Raul Gomez Margallo, esate baterako, lasterketa buru izan zen gerora irabazle izango zen Unai Ibarrarekin batera. Baina ezin izan zuen Ibarraren erritmoa mantendu eta azkenean, laugarren postuan iritsi zen helmugara, 35:57 denbora eginez. Gorka Gil, berriz, hamabigarren sailkatu zen. 37:11 behar izan zituen ibilbidea egiteko.