Donostia Arraun Lagunak eta Orio Orialkiren arteko lehia handia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 13a, 15:00
Belartieta, baborreko hankeko postuan, eta bere taldekideak Donostiarra banderan nagusi izan ziren. Arg.: Euskotren Liga/A. Arrizabalaga

Donostia Arraun Lagunak eta Orio Orialki. Euskotren Ligako lehen asteburuko garaile berak izan dira, bigarrenean ere. Tamalez, Euskotren Ligako burua aldatu da; egun Orio Orialki da lehena, Donostia Arraun Lagunak taldearekin berdindurik

Uztailaren 10ean, V.  Donostiarra bandera - Turismo Castilla-La Mancha bandera jokatu zen Donostiako badiako uretan eta Aiora Belartieta herritarra eta Donostia Arraun Lagunak eskifaiako kideek bandera altxa zuten.

Lugañene nagusi izan zen hasieratik ongi ezagutzen duen estropada gunean. Ziabogan atzetik zihoan Orio Orialkiri lau segundoko tartea atera zion eta helmugan, berriz, zazpi segundo izan ziren. 

Intza Fernandez kide duen Hondarribia Bertako Igogailuak traineruak atzetik aurrera egin zuen. Laugarren postuan ziaboga egin arren, itzuliko luzean Donostiarra Lacturale harrapatu eta hirugarren sailkatu zen 11 segundora. Donostiarra Lacturale hamabi segundora iritsi zen.

Emaitza horiei esker, Donostia Arraun Lagunak sailkapeneko buru jarraitzen zuen, 11 puntu; Orio Orialkik bederatzi puntu zituen, Donostiarra Lacturalek sei puntu eta Hondarribia Bertako Igogailuak lau puntu. 

Zierbenan, hirugarren

Igandean, ordea, sailkapenean aldaketa izan zen. Orio Orialkik Zierbenan lehiatutako Edinor Bandera irabaztearekin batera sailkapeneko lidertza ere lortu baitzuen.

Lehia handiko estropada izan zen Donostiako bi traineruak izan ziren ziabogara iristen lehenak eta hirugarren izan ziren oriotarrak bi segundoko galerarekin.

Bigarren luzean, berriz, Orio Orialkiko kideek indarrez ekin zioten bai Donostiarra Lacturale, baita Donostia Arraun Lagunak ere aurreratu zituen helmugara lehen iristeko. Donostiako bi eskifaien arteko lehian Donostiarra gailendu zen eta Donostia Arraun Lagunak hirugarren izan zen. Hondarribia 11 segundora iritsi zen.

Ondorioz, sailkapenean Orio Orialki da lehena, nahiz eta Donostia Arraun Lagunakek ere puntu berak izan, hamahiru puntu.

Donostia Arraun Lagunakek berriro ere sailkapeneko lehen postua eskuratu nahi du. Asteburu honetan, Orioko eta Getxoko uretan neurtuko dituzte indarrak Euskotren Ligako traineruek.