Helburuak betez, denboraldiari agur esan diote herriko atletek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 13a, 13:30
Furundarena, Goikoetxea eta Rekondo L'Hospitaleteko pistan. Arg.: Ostadar Atletismoa

Atletismoko Espainiako Federazioen arteko txapelketa jokatu da L'Hospitalet de Llobregat, Katalunian, uztailaren 10an eta 11n.  Euskadiko selekzioak zazpigarren postua eskuratu du eta horietako puntu batzuk Ostadar Atletismoko Naroa Furundarena eta Maider Rekondo gazteek eskuratu dituzte

Furundarenak jauzi hirukoitzeko hirugarren postua eskuratu zuen, 12,54 metroko jauziarekin. Rekondo, berriz, zortzigarren sailkatu zen, 38,38 metroko jaurtiketarekin. 

Biek helburuak bete zituztela adierazi du Oskar Goikoetxea entrenatzaileak. "Biek denboraldiko sailkapenean zuten postua hobetu zuten txapelketan eta pozik gaude". 

Ordizian ere lehia

Bestalde, uztailaren 10ean, Ordizian antolatu zen proba librean Ostadar Atletismoko Maider Abete eta Enara Gonzalezez gain, Atletico San Sebastianeko Nerea Eugi eta Renteria taldeko Jose Ramon Latorre herritarrak lehiatu ziren.

Enara Gonzalezek luzera-jauzi proban parte hartu zuen eta bere marka ondu zuen 5,73 metroko jauziari esker.

Gainerako herritarrak 100 m. lasterketako saioetan borrokatu ziren. Eugik 12,70 s. behar izan zituen proba egiteko; Abetek, 13.09 s. eta Latorrek, berriz, 11.64 s.

Denboraldiko irakurketa

Txapelketa hauek denboraldiko azkenak izan dira Ostadar atletismo taldeko kideentzat. Horregatik, denboraldiko irakurketa paregabea egiten dute atletismo taldeko arduradunek. Eta hurrengo denboraldian, eskola-mailako gaztetxoek ere lehiatu ahal izatearen esperantza dute.