Endika Gartzia kide duen Zubieta, Gipuzkoako Errebote txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 13a, 11:30
Gartzia (goiko ilaran, ezkerreko lehena), Zubietako taldekideekin. Arg.: Noaua Aldizkaria

Villabonako Errebote plazak Gipuzkoako Errebote finala jaso zuen, uztailaren 11an. Aurrez aurre Behar Zana eta Zubieta taldeak izan ziren. Azken talde horretan Endika Gartzia herritarra izan zen lehian eta gainerako taldekideekin batera Gipuzkoako txapeldun garaikurra jaso zuen

Urte bete itxaron behar izan dute erreboteko taldeek Gipuzkoako txapelketa jokatzeko. Iaz COVIDa dela eta, ez zen txapelketarik antolatzerik izan. Aurten, ordea, formatu laburrean izan bada ere erreboteko jokalariek eta zaleek neurketa ezberdinez gozatu ahal izan dute.

Uztailaren 3an, Zubietan jokatu zen hiruko finalerdia. Villabonako Behar Zana, Oiartzungo Txost eta Zubieta taldeak izan ziren bertan borrokan. Guztiek guztien aurka jokatu zuten eta zubietarrek bi partidak irabazi zituzten finalerako txartela ziurtatuz; Behar Zana 6-7 garaitu zuen eta Txost, berriz, 7-3.

Txost eta Behar Zanaren aurkako partidan, berriz, billabonatarrak gailendu ziren 6-7 eta horrek finalerako sailkapena eman zien.

Behar Zana eta Zubietaren arteko finala, uztailaren 11n, igandearekin jokatu zen Villabonako Errebote plazan.

Partida ikusgarria izan zen bi errebote elkarteek jokatutakoa. Txapela ez zen Villabonan geratu, ordea, Zubietako taldeak jantzi zuen garaikurra 13-7 emaitzari esker.

Garaipenak, Hernanin

Bestalde, binakako esku pilotako Zikuñaga Papelera torneoa jokoan da eta Intzako kideak aurrera doaz.

Uztailaren 8an, 1. kadete mailan lehiatuko den Peru Urdanpilletaren txanda izan zen. Hernaniko Manterola lagun, Gaztelekuko Gaztañaga eta Arrillaga izan zituzten aurrez aurre eta 18-09 irabazi zuten partida.

Bestetik, aurreko zenbakian 2. kadete mailako Diaz de Gereñu-Elosegui bikotea kaleratua izan zela argitaratu bagenuen ere, okerreko informazioa eman genuen. Bigarren faserako sailkatu da Intzako bikotea eta uztailaren 10ean, 18-16 garaitu zuen Txintxurreta-Azpeitia Hernaniko bikotea.

Horrea gain, Intzako senior Jon Pello Artetxek ostegunean emango dio hasiera txapelketari. 

Aurten EPLEko Arangurenekin osatu du bikote herritarrak eta lehen partidan, Epleko Urmeneta eta Zazpiturriko Beloki izango dituzte dituzte arerio. Partida gogorra aurreikusten du iaz txapeldun izan zen herritarrak.