Ekitaldi politiko xelebrea egin du Trapu Zaharra taldeak Oriarten

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 10a, 10:00

Kale antzerkia bultzatuz egitasmoaren barruan, Trapu Zaharra taldeak Por hacer un favor ikuskizunaren emanaldia egin zuen atzo arratsaldean Oriarte Institutuko jolastokian. Bertaratu zirenek, terapia saio oso berezi batean parte hartu zuten. 

Hauteskunde kanpaina hasi baino bi aste lehenago Endika Martinez hautagaiak beldur eszeniko eraso bat izan du. Horri aurre egiteko coach batengana jo du eta honek terapia moduan ekitaldi politiko bat irudikatzea erabaki du. Horretarako, Martinez heldu aurretik Oriarteko jolastokian ostiral arratsaldean bildu diren ikus-entzuleei laguntza eskatu die. Banderak, politikaria animatzeko abesti baten hitzak dituen paperak eta zenbait galdera banatu ditu, eta gaixoak egiten duena egiten duela, babesa adierazi behar diotela azaldu die. 

Galdutako segurtasuna berreskuratzeko ahaleginean, askotariko ariketak egin ditu Martinezek ordubete luze iraun duen saioan, psikologoak sare sozialetan arrakasta izango duen bideo bat grabazeko direla esan badio ere. Besteak beste, txanpon bat eman dio gizon bati, politikariak ikusi gabe, beste norbaiti eman eta eskuz esku mugi zezaten. Bigarrengoan asmatu du nork zuen, ez lehen saiakeran porrot egin duelako, txanpona zuenak erakutsi egin diolako baizik. Metro geltokiaren lehen harria jartzea eta inaugurazioa ere irudikatu ditu, nahiz eta zinta mozteko arazoak izan dituen; oinetako batzuk saltzen ahalegindu da...

Bat batean, ordean, ezusteko aitortza bat egin eta joan egin da. Hala ere, coachak ez du amore eman, eta oihartzuna izango duen bideo bat lortzen ahalegindu da.