COVID-19

Zortzi kutsatze berri erregistratu dituzte ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 9a, 13:52

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegunean bildutako datuekin osatutako txosten epidemiologikoa argitaratu dute. Horren arabera, Lasarte-Orian zortzi baieztapen egin dituzte ostegunean, bezperan baino hiru gehiago. Azken hamalau egunetan 49 kasu erregistratu dira gure herrian; intzidentzia-tasa metatua 236,28 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.773 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,3). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean 32 kutsatze baieztatu dituzte uztailaren 8an: hamazazpi Hernanin;  zortzi, Lasarte-Orian; lau Astigarragan; bi, Urnietan eta bat, Andoainen. Usurbilen, berriz, ez dute kasurik gehitu. Eskualdeko sei udalerrietako erdia eremu gorrian daude, Urnieta, Hernani eta Astigarraga; eta beste erdia, eremu horian, Andoain, Usurbil eta Lasarte-Oria. 

Euskal Autonomia Erkidegoan atzo gauzatutako 9.190 proba diagnostikoetako 703 positiboak izan ziren, hortaz, positibo tasa %7,6 da. Kutsatu berrietako 265 Gipuzkoan erregistratu dituzte; 314, berriz, Bizkaian; eta 92, Araban. Gainerako 32ak beste erkidego edo tokietakoak dira. EAEko intzidentzia-tasa metatua 246,81 da.

Koronabirusak eragindako 27 pertsona ospitaleratu zituzten ostegunean Osakidetzako erietxeetan. Horiek batuta,  65 gaixo daude ospitalean, haietako 28, ZIUetan.