Azkar batean landu ditu udalbatzarrak uztaileko gai-zerrendako puntuak. Bost puntu aurreikusi dituzte, eta, berehala iritsi dira laugarrenera.
2021eko martxoaren 11an, martxoaren 17an, apirilaren 8an, apirilaren 15ean eta maiatzaren 13an ospatutako akten onarpenarekin ekin diote uztaileko ohiko bilkurari. Agustin Valdivia alkateak puntua aurkeztu eta bozketa egin dute, eta aho batez onartuta igaro dira bigarren puntura.
Lasarte-Oriako udalerrien parkeak, lorategiak, berdeguneak eta zuhaiztiak zaintzeko eta mantentzeko zerbitzuaren kontratazio-espedientearen onarpena landu dute. Hemen agertu dira lehen desadostasunak. PSEE-EEk, EAJk eta ELOPek aldeko eman dute, eta EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Hortaz, puntua onartua geratu da.
Lasarte-Oriako udalerriko bakezko epaile titularra eta ordezko epailea izendatzeko proposamen berriaz aritu dira hirugarren puntuan. Aho batez onartu dute puntua, eta laugarren gaiari, ekin diote.
Horrek sortu du eztabaidarik zabalena. EH Bilduk, EAJk eta ELOPk elkarrekin aurkeztutako mozio bat landu dute. Urnieta bidean dagoen Zubillaga baserriaren gaineko mozio bat eraman dute osoko bilkurara.
Azaldu dute badirela urte batzuk, Zatarain urbanizazio berriaren lanak egiteko baserriaren alboan dagoen GI-3832 errepidetik pisu astuneko kamioiak igarotzen hasi zirenetik kalteak jasaten ari dela baserria.
Jakinarazi dute baserri azpiko pisura ura sartzen dela, eta eraikinean oso agerikoak diren zartadurak eta hausturak agertu direla: "Guzti horrek Zubillaga baserrian bizi diren pertsonak oso egoera zailean jarri ditu, euren baserriaren segurtasuna kolokan ikusten baitute".
Kontatu dute baserriaren jabeek aurkeztu dituzten hainbat txostenen arabera, GI-3832 errepidetik Zataraingo lanetara joan etorrian dabiltzan pisu handiko kamioiek errepidean eragindako kalteak eta errepidearen oinarriak baserriari eragiten dion presioa dela baserriaren kalteen erantzule. Gehitu dute, Gipuzkoako Foru Aldundia GI-3832 errepidearen jabe izaki, eurak direla pisu handiko kamioiei bertatik ibiltzeko baimena eman diotenak, jakinik, 15 tona baino gehiagoko ibilgailuek ezin dutela bertan ibili.
Horrela, Zubillaga baserriaren egoera larria ikusirik, eraikinaren eta bertan bizi direnen segurtasuna lehenetsiz EH Bilduk, EAJk eta ELOPek honako bost eskaera egin dituzte bilkuran:
Jabeek aurkeztu dituzten hainbat txostenen arabera, GI-3832 errepidetik Zataraingo lanetara joan etorrian dabiltzan pisu handiko kamioek errepidean eragindako kalteak eta errepidearen oinarriak baserriari eragiten dion presioa da baserriaren kalteen erantzule.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuari eskatzea, erantzukizuna onartu eta kalte handiagoak izan aurretik, modu urgentean Zubillaga baserria babesteko GI-3832 errepidean egin behar diren lanak egitea.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuari Zubillaga baserria babesteko lanak burutu bitartean, GI-3832 errepidetik Zataringo lanetara 15 tonaz gaindiko kamioiak joan etorrian ibiltzeko baimena bertan behera utzi dezala.
- Zubillaga baserrian jazotako kalteak Zatarain Urbanizazioko lanak burutzeko tona handiko kamioien joan etorrien ondorioz izanik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak egin behar dituen lanak burutzen ez dituen bitartean, Lasarte Oriako Udalak Zataraingo lanak burutzeko baimena berrikustea eta etorkizunean onartu daitezkeen baimenak Zubillaga baserriaren segurtasuna kontuan izanda ematea.
- Lasarte-Oriako Udalak GI-3832 errepidearen alboan dagoen eta bere jabetzako den argiteriaren instalakuntzak errepidean behera datozen urak batu eta Zubillaga baserrira bideratu ez ditzen beharrezko mantenu eta berrikuntza lanak burutu ditzala.
- Lasarte-Oriako Udalbatzarreko erabaki hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuari helaraztea.
Eskaera horien entzun ostean, gobernu taldearekin eztabaida sortu da, eta alderdi bakoitzak bere ikuspuntuak jarri ditu mahai gainean. Luze eta sakon eztabaidatu dute gaiaz, eta bozketa egin dute gero. Mozioak aldeko zortzi bozka eta aurkako beste hainbeste jaso ditu. Boto berdinketa egon denez, bozketa errepikatu dute, eta bigarrenez berdinketa gertatuta, gaia mahai gainean utzi behar izan dute.
Galdera eta erreguen tartean gai bat baino gehiago
EAJko Boris Nogales izan da hitza hartzen lehena, eta erregu bat eginaz hasi du hitzartzea. Gogora ekarri du Donostiako Udalak Landaberri Ikastolara iristeko bidea noranzko bakarrekoa bihurtzeko duen asmoa, eta gobernu taldeari erregutu dio, lan horiek aurrera eraman daitezen "trabarik" ez jartzea. Alkateak erantzun dio errepidean egin asmo dituzten lan eta moldaketek lasarteoriatarrei "eragozpenak" sortzen badizkie, beharrezko trabak jarriko dituztela hori hala gerta ez dadin.
Alkateak Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuarekin izandako bileraz galdegin dio gero. Jakin nahi izan du bilera horretan Askatasunaren parkean egin asmo duten proiektuaren inguruan hitz egin ote zuten. Alkateak erantzun dio ahaztu egin zitzaiola gai horren inguruan hitz egitean, baina bigarren bilera bat hitzartuta dutela, eta hor landuko duela gaia.
Musika eskolako irakasleek datorren ikasturterako kontratu proposamenik ba ote duten galdetu du jarraian. Alkateak ez du erantzuna ematen jakin, eta Xabier Egea idazkariak hartu du hitza. Erantzun dio, berak dakienera arte, momentuz ez zaiela bidali datorren urtean jarraituko duten argitzen dien inolako dekreturik.
Skate eta parkour parkeez galdetu du gero. Jakin nahi izan du Hirigintza departamentua gai hori lantzen ari den ala ez, eta proiketu hori aurrera eramateko parte hartze prozesurik egitea aurreikusi duten edo ez. Alkateak erantzun dio gaia lantzen ari direla, eta skate eta aprkour eremuak hasieran proposatu ziren ez beste leku batean eraikitzea aztertzen ari direla.
EAJko zinegotziaren hitzartzea amaituta, EH Bilduko Jon Martinek hartu du hitza, eta lurrazpiko zabor-edukiontzien gainean galdetu du. Jakinarazi du datorren ostegunerako Hirigintza batzordea deitu dutela, eta gai ordenan ez duela lurrazpiko zabor-edukiontzien gaineko punturik ikusi, eta erregutu die, gaiari ahalik eta azkarren heltzeko. Alkateak erantzun dio bilera horretan landuko dutela gaia, eta bertan aurkeztuko dietela landu duten proposamena.
Ia ordu eta laurdeneko saioaren ostea amaitu da uztaileko ohiko udalbatzarra.