Urdanpilletak, Zikuñaga Papelera torneoan aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 9a, 11:30
Elosegui, Udaberri txapelketako partida batean pilotari joka.

Uztailaren 1ean Hernaniko Zikuñaga Papelera Torneoa hasi zen. Intza elkarteko lau pilotari ari dira lehian: Haritza Diaz de Gereñu, Pedro Elosegui eta Peru Urdanpilleta kadeteak eta Jon Pello Artetxe seniorrak

Oraingoz, kadete mailako gazteek bakarrik jokatu dute partidaren bat. Uztailaren 3an, Haritza Diaz de Gereñu eta Pedro Elosegui bikotea 2. kadete mailako lehiatik kanpo geratu ziren. Hernaniko Iturbe eta Mundarroko Goñi izan zituzten arerio. Herritarrek ez zuten egun ona izan eta 18-3 galdu zuten.

Atzo, uztailaren 8an, berriz, 1. kadete mailan borrokatuko den Peru Urdanpilletaren txanda izan zen. Hernaniko Manterola lagun, Gaztelekuko Gaztañaga eta Arrillaga izan zituzten aurrez aurre eta 18-09 irabazi zuten partida. Beraz, txapelketan aurrera egin dute.

Arteaga II.a, bikoteka

Bestalde, profesional mailan, Axier Arteaga Arteaga II.ak ez du oraingoz txapelketa garrantzitsuetan parte hartzeko deirik jaso eta bikotekako partidak jokatzen ari da. 

Uztailaren 4an, Elizegirekin batera Dario eta Untoriaren aurka lehiatu zen, Amurrioa, Araban. Partida berdindua izan zen eta herritarrak tanto politak egin zituen. Azken tantoan erabaki zen irabazlea: Dario-Untoria bikoteak 17-18 irabazi zuen.

Asteburu honetan, berriz, Iruñeako Labrit pilotalekuan bi partida jokatuko ditu. 

Uztailaren 9an, San Fermin torneoko bikotekako finalaurrekoaren ostean, lehengo asteko arerio berdinak izango ditu Arteaga II.ak, Dario eta Untoria. Oraingoan, Erasun izango du kide.

Igandean, uztailaren 11n, bikotekako finalaren aurreko partidan parte hartuko du herritarrak. Aretxabaletarekin batera, Victor eta Bikuña bikoteari egingo die aurre.