LOKEko Tenis sailak, ikasturte konplexuari agur

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 9a, 09:45
Mariasun Yurrita (goiko lerroan, eskuineko lehena), tenis ataleko kide batzuekin. Arg.: LOKE Tenisa.

LOKEko Tenis sailak ekain bukaeran eman zion amaiera ikasturteari. Aurten ez da kirolari federaturik izan eta beraz, ezin izan dira beste herrietako gaztetxoen aurka lehiatu, baina ederki eman diote kurtsoari bukaera guztiek, Michelingo kirol guneko pistetan antolatutako tenis festan

Mariasun Yurrita LOKEko tenis saileko arduradunak azaldu digunez, ikasturte "konplexua eta atipikoa" izan da. "Inoiz baino beranduago hasi genuen denboraldia. Gerora, behin baino gehiagotan gelditu behar izan genuen, eskola-kirola egitea ez zegoen baimendua...".

Oztopo guztiak gainditu eta COVIDak eragin handirik izan gabe amaitu dute ikasturtea. Izan ere, tenisa kirol segurua dela azpimarratu baitu prestatzaileak. "Banakako kirola da eta ez dago harreman fisikorik".

Eta neurrietara ederki egokitu ostean, 30 ikasletik bat bera ere ez dela kutsatu aipatu du. "Zero COVID-19 kasu izan ditugu. Izan zitezkeen kutsatzeekiko beldur ginen eta errespetu handiarekin hasi ginen lanean. Protokolo guztia ondo jarraitu dugu:  taldeen mugak, musukoaren erabilera [jokatzerakoan ere ezin zen kendu]...".

Tenis jokalari guztiak eskola kirola mailakoak izaki, lehiaketarik ez dute izan aurten. "Pena da txapelketak bertan behera utzi izana, baina hori ez dago gure esku".

Hala ere, izandako jarrerarengatik aurten guztiak txapeldun izan direla nabarmendu du. "Pandemiari nola aurre egiten dioten eta tenisean nola saiatu eta gainditu diren ikusita guztiak dira txapeldun".

Hori eskertzeko, festa antolatu zuten ikasturteari amaiera emateko. 

Orain 2021-2022 ikasturte berriari begira ari da lanean LOKEko tenis saila.

Maila ezberdinetan partidak jokatu zituzten tenis festan. Arg: LOKE Tenisa.