A Coruñako banderak ehuneko gutxigatik ihesi egin zion Arraun Lagunaki

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 8a, 14:30
Belartieta (eskuinean), lehen jardunaldiko garaipena ospatzen. Arg.: Aitor Arrizabalaga

A Coruñan hasi da Eusko Label eta Euskotren ligako lehia. Euskotren Ligako lau eskifaietako bitan, Hondarribia Bertako Igogailuak eta Arraun Lagunak herritarrak izan ziren buruz buru ligako lehen bandera lortzeko borrokan. Lugañeneko kideak gertu izan ziren. Uztailaren 3an, estropada irabazi zuten; bigarren jardunaldiko emaitzek, ordea, Orio Orialkiren alde jarri zuten lehia. Eta A Coruñako Bandera Oriora joan zen. Hala ere, Ligako buru da Arraun Lagunak.

Aiora Belartieta herritarra Lugañeneko tostan egon zen; Intza Fernandez, berriz, Hondarribia Bertako igogailuak traineruan. Biek txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten A Coruñan.

Denboraldi-aurrean eta Gipuzkoako txapelketako emaitzak ikusita, estropada irabazteko aukerak zituztenaren uste osoa zuten Lugañeneko kideek Belartietak azaldu duenez.

Galiziako estropada eremua ondo ezagutu ez arren, beroketak sentsazio onak izan zituztela adierazi du herritarrak. Horregatik, lehen jardunaldian konfiantzaz beteta atera eta denborarik onena lortu zuten, 11:26.06.

Bigarren iritsi zen Donostiarra Lacturale 2 segundotara. Orio Orialkik 5 segundo gehiago behar izan zituen eta 31 segundotara helmugaratu zen Hondarribia Bertako Igogailuak.

Urduritasuna aipatu du Fernandezek lehen egun honetako postua azaltzeko. "Ez genuen asmatu arraunketarekin.Denboraldi-aurre oso ona egin dugu eta oso ondo ari ginen entrenatzen, baina eguna iritsi eta urduritasunagatik agian ez ginen "gu" izan," azaldu du herritarrak.

A Coruñako eremuan edozer gertatu daitekeela aipatu du Fernandezek. "Haize asko dago eta kale desberdintasun handia dago. Haizeari nahiko ondo egin genio aurre baina ez genuen zorte asko eduki kaleekin"

Eta lehen jardunaldian kalea ona ez zela ere nabarmendu du Hondarribia Bertako Igogailuak taldeko arraunlariak lehen eguneko postuaren zergatia argitzeko. "Kale txarra genuen. Eta hasieratik atzean ginela ikusita, gainera psikologikoki beheraka egin genuen".

Ehunekoen garrantzia

Igandean, uztailaren 4an, berriz, Orio Orialkik irabazi zuen jardunaldia. Oriotarrek bost segundo atera zioten Arraun Lagunakeko Lugañeneri. Donostiarra Lacturalek hamaika segundo gehiago behar izan zituen helmugara iristeko eta hamabi segundora izan zen Hondarribi Bertako Igogailuak.

Bi egunetako denborak batu eta ehuneko gutxigatik eskuetatik ihesi egin zien banderak Belartieta eta bere taldekideei. "0.04 ehunekorengatik bandera ez eskuratzeak pena eman zigun momentu horretan aldea gutxi zelako". 

Hala eta guztiz ere asteburuan egindako lanarekin gustura gelditu ziren.

Nahiz eta bigarren saioan ere laugarren geratu, Hondarribia Bertako Igogailuak taldeko kideak ere egindako lanarekin pozik daudela nabarmendu du Fernandezek. "Ehuneko batzuengatik laugarren izan ginen. Baina gustura geratu ginen gu ere lehian egon gaitezkeela erakutsi genuelako".

Lehia handia

Denboraldi-aurrea eta A Coruñako banderako bi jardunaldiak ikusita, aurten Euskotren Ligan lehia izango dela iragarri dute bi lasarteoriatarrek. 

Ligako lehen banderaren ostean, "lau traineruek maila altua dutela ikusi da," adierazi du Belartietak.

Egun Arraun Lagunak dago Ligako buru zazpi punturekin. Baina puntu gutxira ditu arerioak: Orio Orialkik 6 puntu ditu eta Donostiarra Lacturalek 5 puntu. Azkenik, bi punturekin dago Hondarribia Bertako Igogailuak.

Ligako buruan mantentzeko asmoa adierazi du Lugañeneko kide Belartietak. "Bukaerako emaitzak indarra eman digu lanean jarraitzeko," onartu du arraunlariak.

Fernandezek, berriz, aurreko bi urteetan lehiatu behar izan duten kanporaketa ekidin nahi dutela azpimarratu du. Horretarako sailkapenean gora egiteko puntuak lortuko dituztela adierazi du. "Gure asmoa gora joatea da, playoffetik salbatzeko... Gu ere indartsu gaudela erakutsi nahi dugu, baita lehenengo postuengatik borrokatu dezakegula ere".

Etxean irabazi nahi

Asteburu honetan herritarren eskifaiek eta gainerako Euskotren Ligako traineruek bi hitzorduri egingo diete aurre.

Larunbatean, uztailaren 10ean, V.  Donostiarra bandera - Turismo Castilla La Mancha jokatuko da Kontxako badiako uretan. Eta Zierbenan batuko dira igandean Edinor bandera lehiatzeko.

Belartietak onartu duenez, asteburua iristeko gogotsu daude Arraun Lagunak taldeko kideak. "Banderak irabaztea beti da pozgarria baina etxean irabazteak ilusio berezia egiten digu".

Fernandezek, berriz, Hondarribiako eskifaiak A Coruñako postuak gainditzea helburu duela onartu du. "Saiatuko gara postu bat aurrerago gelditzen eta gure bertsio onena ateratzen, lehen jardunaldiko arantza oraindik ez dugu kendu eta".