Texas Lasartearrak ezin Donosti Cupen aurrera egin

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 8a, 11:00

Lasarte-Oriako Michelin kirol guneko futbol zelaiak jarduera handia du azken egunetan. Donosti Cup txapelketako neurketak jokatzen ari dira eta horietako bat izan zen, B12 mailan, atzo Texas Lasartearrak Catalonia Warriors taldearen aurka jokatu zuena

Partida garrantzitsua eta bereziko zen Texas Lasartearra-Catalonia Warriors neurketa. Talde zuri-urdinak etxean jokatuko zuen lehen faseko azken partida eta azken jardunaldi horretako emaitzen arabera jakingo zen txapelketan aurrera egingo zuen.

Bi taldeak Michelingo kirol guneko 2. zelaira atera ziren euren onena emateko. Partida hasi eta Catalonia Warriors taldearen nagusitasuna nabarmena izan zen. Texas Lasartearra taldeko kideek defentsa lan ederra egin behar izan zuten eta gutxitan iritsi ziren arerioaren atera. Kataluniako taldeak, ordea, zazpi alditan zulatu zuen herriko taldearen atea.

Partida amaituta arratsaldean jokatuko zen Zarautz eta Usurbil taldeen partidaren emaitzaren zain geratu zen talde zuri-urdina. Usurbilek galduz gero, txapelketan aurrera egin ahalko zuen taldeak. Tamalez, 0-1 gailendu zen eta Texaseko taldea txapelketatik kanpo geratu zen.

Final-hamaseirenak

Ostadar SKTko taldeak, berriz, Champions League eta Europa League faseko kanporaketak jokatuko dituzte gaur goizean zehar.

B13 taldeak 9:00etan hasten zuen Europa Leagueko partida Sanseren aurka, Billabonan. Donostiako taldea tanto bakarrarekin gailendu da eta talde urdin-beltza kanpoan geratu da.

11:00etan, Internacional eta Ostadar SKTko B14 taldearen norgehiagoka izan da, Zumaian. 0-4 gailendu da talde urdin-beltza eta arratsaldean final-zortzirenetako partida jokatu du Hondarribiaren aurka, Zizurkilen.

Champions Leagueko kanporaketa izango du, berriz, B16 taldeak. Hitzordua 12:30ean, Ordiziako 1 zelaian. Arerioa Madrid Union izango da.

Inklusioari bidea

Bestalde, Donostia Authentics Cup txapelketa ere jokatu da aurten Donostia Cupen. Futbol txapelketa inklusibo honen lehen edizioa izan da eta hiru taldeetako fundazioak parte hartu dute: Real Sociedad, Eibar eta Levante. Guztira lau talde izan dira Realeko bi eta Eibar, zein Levanteko bana. Horietako bietan Real Sociedad B eta Eibarren herritarrak izan dira lehian, Iosu Zabache eta Lander Ortega, hurrenez hurren.

Urtebete lehiaketarik gabe eman ostean, bi jardunaldi jokatu dituzte uztailaren 5ean eta 6an eta ederki lehiatu dira.