Ostalaritzan beira birziklatzeko kanpaina bat jarriko dute martxan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 7a, 13:50

Ostalaritzan beirazko ontzien birziklapena sustatzeko kanpaina bat jarriko du martxan Lasarte-Oriako Udalak. Egitasmo horren berri eman dute asteazken eguerdian Agustin Valdivia alkateak, Zerbitzuetako zinegotzi David Mateosek, San Marko Mankomunitateko presidente Loreto Osak, eta Ostalaritza Aurrera plataformako eta Aterpea merkatarien elkarteko hiru ordezkarik.

Uztailaren bigarren hamabostaldian abiatuko dute aipatu kanpaina, Ecovidrio eta San Marko Mankomunitatearekin lankidetzan. Horretarako, ostalaritzako establezimenduei bisita egingo dietela jakinarazi dute: "Ostalaritzan beirazko ontzien hondakinak birziklatzea sustatzeko, eta Lasarte-Oriako ostalaritzako enpresaburuei euren jardueraren ondorioz sortutako hondakinak ingurumenarekiko errespetu handiagoz kudeatzeko lana errazteko". Zerbitzuetako zinegotzi David Mateosek gogorarazi du guzti hori dela Europar Batasuna klima aldaketa geldiarazteko sustatzen ari den ekonomia zirkularraren planteamendua.

Bisitak "langile kualifikatuek" egingo dituztela jakinarazi dute, eta data bat ere eman dute; uztailaren 14an hasiko direla iragarri dute. Bisita horien lehen fasean informazioa emateaz gain, beharrak hautemango dituzte, beirazko ontzien hondakinak birziklatzea errazteko edukiera desberdinetako ontziak emanez, establezimendu bakoitzak sortzen duen beirazko hondakin bolumenaren arabera. Gerora, auditoriak egingo dira, hondakinak behar bezala bereizten direla egiaztatzeko.

Azaldu dute baita ere "landa-lana" egingo dutela, beirazko ontzien birziklapenaren arloko ezagutza indartzeko. Bide horretan, birziklatzeak Lasarte-Oriari sortzen dizkion ingurumen onuren gaineko sentsibilizazioa ere sustatuko dute: "Edukiontzietara botatzen den beira, %100ean birziklagarria da, eta ontzi berriak fabrikatzeko erabiltzen da behin eta berriro, jatorrizko propietateak galdu gabe".

Loreto Osa San Marko Mankomunitateko presidenteak poza adierazi du egitasmoa martxan jartzeagatik, eta eskertza adierazi die kanpainan parte hartuko dute eragile ezberdinei:  "Espainian merkaturatzen diren erabilera bakarreko beirazko ontzien ia %50 sortzen du ostalaritza sektoreak, beraz, birziklatze helburuak lortzeko funtsezko sektorea da".