Gonzalez, bederatzigarren postuarekin pozik

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 6a, 10:00
Naroa Furundarena (ezker) eta Enara Gonzalez (eskuin) Euskadiko maila absolutuko dominarekin. Arg.: Ostadar Atletismoa

Ostadar Atletismoko Enara Gonzalez atletak bere helburua bete du 20 urtez azpiko Espainiako txapelketan. Monzon, Huescan antolatu den lehiaketan bederatzigarren postuan amaitu du herritarrak

Gonzalezek luzera-jauziko proban parte hartu zuen. Maila handiko lehia izan zen eta Oscar Goikoetxea prestatzaileak azaldu duenez, Enarak zail zuen zortziko finalera sailkatzea.

Hala ere, herritarrak bere onena eman zuen eta 5,54 metroko jauziarekin rankingeko postu berean sailkatzea lortu zuen, bederatzigarren.

Goikoetxea pozik dago Gonzalezek denboraldian egindako lanarekin. "Aire zabaleko denboraldi ederra egin du, bere marka ia metro erdi ondu du". 

Federazioen torneo

Bestalde, Naroa Furundarena eta Maider Rekondo maila absolutuko Federazioen torneoan lehiatzeko aukeratu ditu Euskadiko selekzioak. L’Hospitalet de Llobregat, Katalunian izango dira, beraz, asteburu honetan lehian. Eurekin batera Oscar Goikoetxea entrenatzailea ere izango da.