Zirku txiki bezain handia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 3a, 10:00

Malas Compañías taldeak Bilbon 1931n eratutako Compañia Amateur del Club Deportivoren historia berreskuratu du; umezurztegietara, ospitaleetara edota nagusien egoitzetara irribarrea eta ilusioa eramateko helburuz sortua. Haren bidea 1936ko gerrak eten zuen. Bederatzi hamarkada geroago, konpainiaren gertakari eta protagonista nagusiak ardatz hartuta, artista haien azalean jarri eta emanaldiak nolakoak ziren irudikatu dute ikusleekin batera. 

Agertokiaren albo batean, sarreratik eserlekuetara bidean, zirkuaren eta garaiaren zenbait zertzelada historiko biltzen dituzten panelak jarri dituzte. Haien ondotik pasata, ikusleak gutxika gehitzen joan dira ikuskizunak aurrera egin ahala. Amaierarako, aulkien erdia bete dira. Beste batzuek, tarte luze edo laburragoz, jolastokiaren kanpoaldetik begiratzea nahiago izan dute. 

Kopurua baino garrantzitsuagoa da gaitasuna. Argi utzi dute ostiral arratsaldeko saioan Malas Compañias taldeko kideak. Lau besterik ez ziren, baina, hala ere, zirku baten osagai guztiak ekarri Oriarte Institutuko jolastokira: malabarismoa, akrobazia, ekilibrismoa eta umorea, noski.

Urtez urteko gertakari nagusiak irakurri dituen aurkezleak, flauta ere jo du; gitarristak, berriz, laban jaurtiketatik  artistetako bat geldiarazi du; eta beste biek, berriz, denetarik egin dute. Elefante, lehoi edo zaldi izan dira; munduko gizon indartsuena eta haren "pisua", monoziklista ausarta eta beldurtia, malabaristak... 

Gerrako sirena eta tiro hotsek eten dute pailazoen ikuskizuna eta emanaldia bera amaitu dute. Orduan, bai, zenbaitetan artistek eskatu behar izan dituzten txaloak eman egin dizkiete bertaratutakoek.

 

 

Erlazionatuak