Dinagu kolektiboak 'Nomadak gaitun' erakusketa prestatu du

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 2a, 17:25

Euskal Herriko 20 emakume sortzaileren lanekin osatutako erakusketa ikusgai dago asteartetik Kool Studion. Partaide bakoitzaren lanaren laginak eta egileei buruzko infiemazioa biltzen ditu. 

Dinagu Emakume Sortzaileen Kolektiboak Nomadak gaitun azoka ibiltaria abian jarri du. Elkarlanean, modu kooperatiboan, antolatutako egitasmoa da; moda, bitxigintza, dekorazio eta ilustrazio munduan diharduten Euskal Herriko 20 emakume sortzaileren produktuak biltzen dituena. Haien obrak ikusteko eta erosteko aukeraz gain, bertaratzen direnek egileak ezagutu ahal izango dituzte.

Egitasmoa asteartean aurkeztu zuten lantaldeko kideek Kool Studion. Bertan, ikusgai jarri dute herriz herri ibiliko azokan parte hartuko duten sortzaileen lanen lagin bat eta euren jardunari buruzko informazioa. Ekimenak erakusleiho  ere izan nahi du, kontsumo alternatibak ikustarazteko eta, aldi berean, sortzaile eta bezeroen arteko zuzeneko harremana indartzeko, espazio bat sortuz ahalik eta modu duinenean lan egiteko nahiz saltzeko.

Ekimen berri honen lehen geltokia Azpeitiako  Azoka plaza izango da hilaren 18an, 10:30etik 18:30era. Bertaratzen direnek Emakume Baserritarrek Elikaguneko Sukaldean ekoiztutako produktuekin prestatutako jakiak dastatzeko parada ere izango dute, azokaren kanpoaldean kokatutako jantokian. Baita dastatutako produktuak erostekoa ere, zabalik egongo den Elikaguneko dendan. Eguna amaitzeko, Sanagustin Kulturgunean, AMEBA talde gazteak kontzertua emango du. Sarrerak kulturgunean bertan edo www.kultura.eus atarian eskura daitezke.