COVID-19

Bi kutsatze baieztatu dituzte Lasarte-Orian uztaileko lehen egunean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 2a, 12:30

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegunean bildutako datu epidemiologikoekin osatutako txostena argitaratu berri dute. Horren arabera, uztaileko lehen egunean bi kasu berri erregistratu dituzte, bezperakoen erdia. Horiek gehituta, azken bi asteetan 31 positibo zenbatu dituzte herrian, intzidentzia-tasa metatua 157,52 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.751 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi pasatxo (%9,2). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Urnieta, eremu laranjan

Beterri-Buruntzari dagokionez, kasuen kopuruak gora egin du ostegunean. Delta zeparen eragina handitzen doa eta 65 kutsatze atzeman zituzten atzo Hernanin, 151 azken hiru egunetan. Eskualdeko gainerako herrietan ere kasu kopurua gora doa; salbuespen bakarra Usurbil da, bat bera ere ez baituta gehitu. Andoainen lau kutsatzeren berri izan dute, Urnietan eta Astigarragan, berriz, seina. Hala, Hernanik eremu gorrian jarraitzen du, eta Urnieta laranjara pasatu da 306,01eko intzidentzia-tasa metatua baitu. Beste lau udalerriak eremu horian mantendu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan ostegunean aurrera eramandako 6.628 proba diagnostikoetako 406 positiboak izan ziren, hala, positibo tasa %6,1 da. Kutsatu berrietako 170 Gipuzkoan erregistratu dituzte, 178, berriz, Bizkaian; eta 45, Araban. Gainerako hamahiruak beste erkidego edo tokietakoak dira. EAEko intzidentzia-tasa metatua 132,65 da.

Koronabirusak eragindako 26 pertsona ospitaleratu zituzten ostegunean Osakidetzako erietxeetan. Horiek batuta,  63 gaixo daude ospitalean, haietako 33, ZIUetan.