Eskualde mailako autobus zerbitzu berria martxan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko uztailaren 1a

Agustin Valdivia alkatea eta Gipuzkoako Mugikortasun diputatu Rafaela Romero.

Beterri-Buruntza eskualdeko herriak (Lasarte-Oria barne) Donostiarekin lotzen dituzten Lurraldebus zerbitzuko autobusak  berritu egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakunde horretako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatu Rafaela Romerok eta herriko alkate Agustin Valdiviak unitate berrietako bat erakutsi zuten Okendo plazan, ekainaren 29an, asteartearekin, 16:00etatik 19:00etara. 30 autobus berri ari dira eskualde horretan lanean, eta Tolosaldean ere bai, gaurtik aurrera.

Romerok azaldu zuenez, flota berriko hiru ibilgailutatik bi teknologia hibridoko unitateak izango dira: "Airea iragazteko sistema berrienak dituzte; funtsezkoa iruditu zaigu COVID-19aren ondorioz herritarrek egin dizkiguten segurtasun eskaerei erantzutea". Horren ondorioz, Beterri-Buruntzako emakida "seguruagoa" dela azpimarratu zuen diputatuak. "Babes handiagoa eta zerbitzu hobeak eskaintzen ditu".

Lasarte-Orian egin zuten aurkezpenean, autobusak barrutik ikusi zituzten Romerok eta Valdiviak. Airea iragazteko eta berritzeko sistema ez ezik, berrikuntza gehiago ere erakutsi zizkieten politikariek kazetariei: esate baterako, mugikorrak eta bestelako aparailu elektronikoen bateria kargatzeko USB portuak. Horrekin batera, biek nabarmendu zuten autobus berri horiek eserleku gehiago dituztela, bidaiariak ahalik eta erosoen joan daitezen.
Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Sailak herritarrekin duen "konpromisoa" goraipatu du Romerok. "Helburua da Gipuzkoa konektatuagoa, berdinzaleagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa lortzea".

Eskaerari erantzuna 

Valdivia "pozik" dago, Lasarte-Oriak "duela urte asko" egindako eskaerari erantzun diolako azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Eskualdeko emakidaren erabiltzaile nagusiak dira gure herritarrak; guztira, %70", zehaztu du alkateak. Okendo plazara ekarritako ibilgailua ikusi ostean, adierazi du autobusak "seguruagoak eta erosoagoak direla", eta batez ere, "ingurumenarekin konpromisoa" dutenak. "Foru aldundiko Mugikortasun sailak eskualdearen beharrak aztertu ditu, eta nabarmena da ibilgailu flota berri honek erantzuten diela adierazitako beharrei".