Haimar Etxeberriak Gipuzkoako itzulian bi etapa irabazi zituen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 1a, 12:00
Haimar Etxeberria, Gipuzkoako itzuliko atariko probako podiumean. Arg.: Gipuzkoako Txirrinduritza Federazioa

Ekainaren 25etik 28ra, junior mailako Gipuzkoako itzulia lehiatu da. Buruntzazpi Txirrindularitza eskolako juniorrak, zein Viveros Anton taldeko Ander Altuna herritarrak parte hartu dute itzulian

Buruntzazpiko Haimar Etxeberria bi etapatan izan da podiumeko gorenean eta mendiko onenenaren saria ere jaso zuen Andoain-Andoain proban. 

Azkoitia-Azkoitia atariko probarekin eman zitzaion hasiera txapelketari ekainaren 25ean. 3,8 kilometrotako erlojupekoa izan zen. 

Etxeberria izan zen azkarrena, 6 minutu eta 57 segundo behar izan zituen ibilbidea egiteko. 

Andoain-Andoain bigarren etapan ere podiumeko lehen mailara igo zen gaztea.

Eraso ugariko lasterketa izan zen ekainaren 27an lehiatutakoa. 76 kilometroan Carbayeda taldekide eta Ander Altuna herritarrarekin batera buruko taldean sartu zen Etxeberria. 

Pixkanaka talde txikitzen joan zen hamalauko bat iritsi zen Andoaingo helmugako zuzenera Buruntzazpiko Etxeberria eta Carbayeda barne. Esprintean, Etxeberria izan zen garaile. Mendiko saria ere jaso zuen.

Gainera, sailkapeneko bosgarren postura igo eta mendiko lehian bigarren egotea lortu zuen gazteak.

Tamalez, itzuliko azken egunean, Lazkao-Lazkao lasterketan Etxeberriak ezin izan zuen lehian sartu eta podiumean egoteko aukerak galdu zituen. 

Lehenen artean
Hala ere, lehenen artean izan da Etxeberria. Sailkapen orokorrean seigarren postuan amaitu du Itzulia; mendiko eta erregulartasuneko sarian, berriz, bigarren izan da.

Taldekide Carbayeda sailkapeneko hamalaugarren postuan amaitu du lehiaketa eta Daniel Fursenkok sailkapen orokorreko 68. postuan eta junior lehen urteko 26. postuan. Mikel Orbegozok ere parte hartu du proban. Viveros Anton taldeko Altunak, berriz, 38. postua eskuratu zuen.

Bestalde, Buruntzazpiko Adur Tapia eta Eneko Aranguren kadeteak Gaztetxoak Torneoko sarian lehiatu ziren.