Plaza eta bihotzak, beteta

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 30a, 14:06

Earra bertso eskolak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatuta, bertso jaialdiaz gozatu dute herritar ugarik kultur etxean, San Pedro egunean. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka, Lierni Rekondo, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi igo dira oholtza gainera, bertsotan egitera. Gaiak Maddi Labakak jarri dizkie.

Aurtengo San Pedro Jaiak ohi bezala ospatu ezin izan badira ere, zenbait ohitura mantendu dituzte herritarrek: esate baterako, bertso jaialdira joatea. San Pedro egunean, ekainaren 29an. Earra bertso eskolak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu dute saioa, elkarlanean, Manuel Lekuona kultur etxean. Lepo bete zen plaza atzo, eta baita ikus-entzuleen bihotzak ere, gozatu ederra hartuta.

Askotariko gaiak

Maddi Labaka gai-jartzaileak lanean jarri zituen Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka, Lierni Rekondo, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi. Lehenik eta behin, bertsolari bakoitzak agurra abestu zuen. Plaza (atzoko kasuan, aretoa) beteta ikustearen poza, elkar goxatzeko beharra, urduri egon arren disfrutatzeko asmoa eta beste kontu ugari plazaratu zituzten seiek.

Horren ostean, Amets Arzallus eta Ane Labaka altxa ziren, eta ekainaren 29ko bertso jaialdiari buruz egin behar zituzten koplak: bi urte ziren antolatzen ez zela, eta oholtzara berriz igotzean, ohi baino jende gehiago ikusi dute, beheko pisuan ez ezik, goikoan ere ikus-entzuleak zeudelako. Lierni Rekondok eta Andoni Egañak, berriz, udarako plan desberdinei buruz abestu zuten, bakoitzak bere zaletasunak azpimarratuta. Maialen Lujanbiok eta Uxue Alberdik urte batzuk eta gero topo egin, eta Ana Urchueguiaren epaiketa kontuez jardun ziren, duela urte batzuk biek bozka hari eman ostean.

Lasarte-Oria ordezkatu zuten bi bertsolariek, Ane Labakak eta Lierni Rekondok, izan zuten elkarrekin koplaka aritzeko parada. Gaia, hau: festetarako erabili ez zen aurrekontua nora bideratuko zuten.