Rekondo eta Furundarena, Espainiako txapelketan finalista

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 30a, 12:00
Getafera joan ziren Ostadar Atletismo taldeko Igarriz, Furundarena eta Rekondo kirolariak eta Goikoetxea eta Andres entrenatzaileak. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar Atletismo saileko Maider Rekondo eta Naroa Furundarena Espainiako atletarik onenen artean lehiatu ziren ekainaren 26an eta 27an Getafen antolatu zen Espainiako txapelketan

Rekondo, zein Furundarenak proba bakarrean parte hartu zuten eta biak finalerako sailkapena lortu zuten, beraz, Espainiako zortzi onenen artean izan ziren. Horregatik, Ostadarreko kideak pozarren daude Getafen lortutako emaitzekin. 

Rekondo disko-jaurtiketako proban seigarren postuan sailkatu zen. Bigarren saiakeran 46 metro eta 12 zentimetroko jaurtiketa egin eta bere marka bi metro eta erdi ontzeaz gain, Gipuzkoako historiako bigarren markarik onena lortu zuen herritarrak.

Jauzi hirukoitzeko proban, orpoko mina tarteko, zazpigarren postua eskuratu zuen Furundarenak, 12,40 m.

Aurten berezitasun bat izan du Espainiako txapelketa honek, podiumean egon direnen atleten entrenatzaileek ere dominak jaso dituzte. "Espainiako federazioak izan duen keinua izan da. Entrenatzaileek ere merezi dugun aitorpena da nire ustez. Guk ere denbora asko eta gogo handia eskaintzen diogu, kasu askotan, inongo irabazi ekonomikorik gabe," adierazi du Oscar Goikoetxea Ostadar Atletismoko prestatzaileak.

Gipuzkoako txapelketa

Donostiako miniestadioan, berriz,  Gipuzkoako adin txikikoen txapelketak jokatu dira. Enara Gonzalez eta Maider Abete herritarrak izan dira lehian eta biak izan ziren podiumean.

Gonzalezek txapela eskuratu zuen 20 urtez azpiko luzera-jauzian marka onduz, 5,72 m.

Abetek, berriz, brontzezko domina eskuratu zuen maila bereko 100 m. lasterketan, bere marka onenetik gertu, 13"05.

Asteburu honetan, Gonzalez Espainiako 20 urtez azpiko txapelketan lehiatuko da.