Goizuetako V. Umore Ona bikotekako txapelketa, esate baterako, amaitu da. Bertan Peru Urdanpilleta gaztea kadete mailako txapeldun izan da Hernaniko Julen Deskarga lagun izan duelarik.
Eskuz binaka eta pala modalitatean Nafarroako eta Gipuzkoako 112 pilotarik parte hartu dute txapelketan, horien artean, Peru Urdanpilleta herritarra.
Ekaina 2an jokatu ziren txapelketako lehen kanporaketak Goizuetako eta Aranoko pilotalekuetan.
Deskarga-Urdanpilleta bikoteak ekainaren 5ean eman zion hasiera txapelketari. Betelu taldeko Sotil eta Goikoetxea izan zituzten arerio eta 16 - 22 gailendu ziren.
Ekainaren 18an, Gazteleku Gaztañaga eta Beroz 22-20 garaitu ostean, lortu zuen bikoteak finalerako txartela.
Ekainaren 26an, berriz, Bortziriak taldeko Orbegozo eta Etxabide izan zituzten arerio finalean. Urdanpilleta-Deskarga bikoteak ongi neurtu zituen aukariaren indarrak eta 22-16 garaitu zuten.
Zikuñaga Papelera torneoa
Garaikurra lortu ostean, ez du atsedenik izango Urdanpilletak. Izan ere, aste honetan hasiko den Zikuñaga Papelera txapelketan lehiatuko baita. Torneoa bihar, uztailaren 1ean hasi eta hilabete osoan zehar jokatuko da Hernaniko pilotalekuan.
Txapelketa horretan Manterola izango du lehiakide eta kadete 1. mailan arituko dira.
Lehen kanporaketa uztailaren 8an jokatuko dute Gaztelekuko Gaztañaga eta Arrillagaren aurka.
Ez da txapelketa horretan parte hartuko duen herritar bakarra izango. Intzako beste hiru kide ere izango dira lehian, Haritza Diaz de Gereñu eta Pedro Elosegi kadeteak eta Jon Peio Artetxe seniorra.
Diaz De Gereñu-Elosegui bikoteak 2. mailako kadeteko lehian aurrera egitea izango du helburu.
Lehen neurketa Hernaniko Iturbe eta Mundarroko Goñiren aurka izango dute, bihar, uztailaren 3a, 11:00etatik aurrera.
Senior mailako Artetxek, berriz, txapela berriro janztea du buruan. Iaz Intxurre elkarteko Irazustabarrenarekin batera jantzi zuen torneoko txapela.
Aurten EPLEko Aranguren izango du lagun eta guztia emateko prest agertu da herritarra. Hala ere, partidaz partida ikusi beharko dela adierazi du. "Sei hilabete hauetan talde batzuk entrenamenduak egiteko batu dira eta denboraldi amairen ikusi den bezala, aurre hartu digute".
Intzako pilotariak oraindik ez daki senior mailako txapelketako egutegia zein izango den, ezta zein aurkari izango duten lehen kanporaketan ere.
Santio txapelketatik kanpo
Asteburu honetan beraz atsedena izango du Artetxek. Baina aurrekoan, ekainaren 25ean, Amasa-Villabonako Santio txapelketako final zortzirena jokatu zuen bere taldekide Elolarekin batera.
Zazpi Iturriko Zabala eta Beloki izan zituzten aurrez aurre neurketan eta amezketarrak izan ziren nagusi.
Zabala aurrelariak eraman zuen partidaren pisua eta erritmoa; Beloki lasaia ibili zen atzealdean eta Intzako kideak berriz, ez zuten asmatu eta Belokiren erasoei aurre egin ezinik ibili ziren.
Ondorioz, 22-5eko markagailuarekin txapelketatik kanpo geratu da Intzako bikote seniorra.