Badatoz Ttakun Kultur Elkartearen Udako Txokoak eta udaleku itxiak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 30a, 17:13

Uda sasoia iristen denean, gustura hartzen dituzte haurrek udako aisialdiko eskaintzak. Ikasturtea amaitu ostean, Udako Txoko zein udaleku itxiak noiz hasiko zain egoten dira. Aurten ere izango dute Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako aisialdi eskaintzetan parte hartzeko aukera, eta, ziur, urtero bezain esperientzia ederrak bizituko dituztela

Ttakun Kultur Elkarteak, sortu zenetik, dibertimendua eskaintzen aritu da, urtez urte. Betiere, noski, hezkuntzaren ikuspegia ardatz hartuta, eta euskararen erabilera sustatzeko helburu nagusiarekin. Elkarteak 30 urte betetzen dituen urte honetan, gogora ekarri dute lasarteoriatar ugari izan direla, bestek beste Busti Blairekin gozatu dutenak, baita olinpiadekin, edota suhiltzailez mozorrotuta herriko kaleetan barrena desfilatu dutenak. Jakitun dira, urte luze horietan bizitako esperientziek sortutako ilusioa gurasoengandik seme-alabengana transmititzen dela, eta, horri eutsi asmoz, aurten ere bizipoz horri eutsi nahi dio kultur elkarteak. Aitortu dute, COVID-19ak eragindako pandemi garai hauetan erronkari eustea ez dela erraza, baina ikasturte luzeak eragindako estresa askatzeko unea iritsi dela azaldu dute: "Taldean jolasteko eta naturaz gozatzeko garaia da".

Unean uneko osasun egoerak aurtengo aisialdi eskaintzaren formatua baldintzatu duela azaldu dute antolatzaileek, eta, jakinarazi dute unean uneko egoerara moldatzen joatea izan dela elkartearen iparrorratza: "Osasuna jarri dugu lehen ilaran, baina haurren aisialdirako beharraren eta Ttakun Kultur Elkartearen helburu orokorren parean".

Udako Txokoak prest

"Zirraraz" gogoratzen du kultur elkarteak iazko Udako Txokoetako lehenengo eguna: "Konfinamendu luze batetik gentozen, eta ume askorentzat, berriro ere lagunekin elkartzea ahalbidetu zuen aisialdi eskaintzak". Aurtengoa, berriz, iazkoaren ildo beretik joango dela iragarri dute, nahiz eta irudimenak eta ilusioak bere espazioak berreskuratuko dituzten. 

Jakinarazi dute 50 hezitzaile baino gehiago arituko direla lanean ekainean, eta dagoeneko egin dituztela aisialdi eskaintzari hasiera eman aurretik egin behar diren formazio saio eta prestaketa lan guztiak: "Taldea egitea eta programazio dibertigarriak, originalak eta hezigarriak diseinatzea izan dira formazio saio horien helburua". Euskararen erabilera sustatzeko estrategian ere landu dituztela kontatu dute. 

Bihar, uztailaren1ean hasiko dira Udako Txokoak, eta hilaren 30ean amaituko dira, eta hiru urtetik hamabi urte bitarteko ehunka lasarteoriatarrek parte hartuko dute aisialdi eskaintza horretan. 

Aurten udaleku itxiak bueltan

Iazko osasun egoerak hala behartuta, bertan behera utzi behar izan zituen Ttakun Kultur Elkarteak udaleku itxiak. Aurten, ordea, aisialdi eskaintza horrekin aurrera egiteko erabakia hartu dute. Lasarte-Oriako familia ezberdinekin egindako lanketaren ostean, eta prozesu horretan jasotako erantzun ona ikusita, eskariaren araberako udaleku itxiak antolatzeko ahalegina egin du kultur elkarteak. 

Gauzak horrela, Lasarte-Oriako gazteek udalekuez gozatzeko aukera izango dute, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutuz. LH3-4 mailakoak Astigarragan bizituko dituzte esperientzia ezberdinak. Aurreratu dutenez, zirkua izango da udalekuetako gaia, eta uztailaren 12tik 30era bitarte egongo dira bertan, hiru taldetan banatuta. LH5-6 mailakoa, berriz, Azpeitiko Loiola etxera joango dira, uztailaren 2tik 8ra bitarte. 

Ziur denek ala denek esperientzia zorgarriak bizi eta elkarbanatzeko aukera izango dutela. Urtero bezala, kalitatezko aisialdian parte hartzeko aukera izango dute, euskaraz.