Lehertu arte egin dute barre

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 29a

Mikel Bermejo lasarteoriatarrak eta JJ Vaquero umoregileak aritu dira, astelehen arratsaldean, Manuel Lekuona kultur etxeko oholtza gainean. Bakarrizketa bana eskaini diete bertaratu diren ikus-entzuleei, eta bistakoa izan da ederki pasa dutela. Etengabe entzun dira barre-algarak aretoan

Mikel Bermejo umoregile lasarteoriatarra izan da taulagainera agertu den lehena. Ahí va la ostia ikuskizuna eskaintzera igo da agertokira, eta alkateari zuzendu dizkio lehen umore hitzak. Horren ostean landu ditu bestelako gaurkotasunezko zenbait gai ere. Ekarri du gogora Espainian COVID-19ari aurre hartzeko lehen txertoa jaso zuen Araceli Hidalgo 96 urteko emakumea. Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz lanik gabe edo Aldi Baterako Lan Erregulazioa Espedientea jasan behar izan duten pertsonen egoeraz ere hitz egin du. Bilatu ditu baita ere ikus-entzuleen artean egoera hori bizitu duten herritarrak, eta egoerak gordinak izanik, dena umoretik landuta barrez jarri ditu denak. 

Ordubeteko saioa amaitu aurretik, ukelelea lepotik behera zintzilikatu, eta kantuan agurtu du saioa. 

JJ Vaquero umoregilearen txanda izan da gero, eta Bermejoren antzera, askotariko gaiak landu ditu bere bakarrizketan. Bere itxurari egin dio erreferentzia saioa hasteko, eta beste zenbait gairen artean, Javi Morata Italiako Juventus Footbal Club taldeko, eta, Espainiako selekzioko jokalariaz ere mintzatu da. Bizitzak jazarpena egiten diola ere azpimarratu du behin eta berriz, umoretik hori argitzeko adibideak jarriaz, eta Luna izeneko 10 urteko alabarekin batera, ikus-entzuleekin argazki bat atera dute. Oria Lasarteko ibaiaren izena dela azalduz agurtu ditu lasarteoriatarrak. 

Biek elkarrekin txiste-saioa

JJ Vaquerok bere ordubeteko bakarrizketa saioa amaituta, Mikel Bermejo deitu du oholtzara, eta biek elkarrekin hainbat txiste kontatu dizkiete bertaratu direnei.  Aretoa beteta, umore ederra izan da hasieratik amaierara arte. Barrez lehertu dira ikus-entzuleak, eta txalo zaparrada eder bezain luzeak eskaini dizkiete bi artistei; gustura egon diren seinale.