Nafarroako jotek alaitu dute igande eguerdia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 27a, 15:00

Ordubeteko iraupena izan duen saioa egin du La ribera canta seikoteak kultur etxean. Kantuekin publikoa alaitzeaz gain, elkar zirikatuz ere barreak eta txaloak jaso dituzte.

Hiruna gizon-emakumek osatzen dute La ribera canta taldea. Akordeoia, gitarra eta panderetak lagunduta aritu dira kantuan, modu guztietan: taldean, banaka, binaka... Nafarroako jotez gain, Oskorrik ezagun egin zuen Gora ta gora beti ere eskaini diete bertaratu direnei. 

Gitarra eskuetan zuenak gainerako kideak aurkeztu eta abesti bakoitzaren aurretik sarreratxoa egin du. Izenak nahastu ditu eta horri helduz, txantxa ugari egin dizkiote elkarri abeslariek. Horrez gain, publikoarekin lotura lortzeko hitz egiteko moduak ere barre egin arazi ditu bertaratutakoak.

Nagusiki, adineko herritarrek bete dituzte kultur etxeko areto nagusiko beheko solairuko eserleku gehienak. Gustura entzun dituzte abestiak eta txalo egin dute, hala eskatu dietenean eta kantuan ari zirenen trebezia saritu nahi izan dutenean. Haietako gehien eragin dituztenak senar-emazte diren bikoteak kantatutako jotas de picadillo delakoak izan dira. Elkarbizitzan dituzten ustezko arazoak txandaka kantatu dituzte, ea nork lortzen zuen txalo gehien. Horren arabera, emakumea gailendu da, baina, egiaz, haiek entzunda barre egin dutenak izan dira irabazleak.