Herriko bertsozaleen huts egin ezinezko zita

Maitane Aldanondo 2021ko eka. 27a, 10:00

Hiru lasarteoriatarrek parte hartuko dute San Pedro egunean egingo duten bertso saioan. Ane Labaka urtetan aritu da, Lierni Rekondok, berriz, aurtengoa du lehena, eta Maddi Labakak laugarrenez gaiak jarriko dizkie biei eta gainerako bertsolariei 

Maitane Aldanondo

Sanpedrorik ez da izango, baina egitarauaren osagai finkoetako bat den bertso saioak ez du hutsik egingo. Ekainaren 29an, San Pedro egunean, dute hitzordua bertsozaleek. Ane Labaka eta Lierni Rekondo herritarrekin batera, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izango dira kultur etxeko oholtzan. Haiei gaiak jartzeko ardura, berriz, beste lasarteoriatar batek izango du, Maddi Labakak, hain zuzen ere. Hiruekin hitz egin du txintxarri-k ekitaldiari buruz.

Labaka ahizpek eskarmentua badute udako saio honetan. Anek ez du gogoan noiz izan zen lehen aldia, "gaztetxoa izango nintzen...". Bai, ordea, urte mordoxka batean aritu dela. "Hasieran, horrenbeste aukera ez dituzunean, beti parte hartzen duzu zure herrikoan". Maddik, berriz, beste hiru bat urtetan hartu du asteartean izango duen ardura. Haientzat ez bezala, Rekondorentzat estreinakoa da. Aurretik proposatu zioten parte hartzea, baina ez zen ausartu; aurten animatu da pausoa ematera. "Ez dut inoiz horrelako plaza handirik egin eta polita da lehenengoa herrian izatea", aitortu du urduritasun eta ilusio nahasketa dirudienaz.

Jaialdia "erreferente" bat da berarentzat, eta gogoan du umetan ikustera joaten zela. Beste bi herrikideak ere makina bat aldiz izan dira oholtza azpian, entzule. "Huts egin ezinezko zita bat", aitaren zaletasunak bultzatuta, lehenik, eta beraienak, ondoren.

Aspaldiko ezagunak

Herrian aritzea bera berezia bada, gertuko norbait alboan izanda are gehiago. Ane Labaka eta Rekondo irakasle eta ikasle izan ziren bertso eskolan, hurrenez hurren. Aspaldi ez dira elkarrekin bertsotan aritu eta beraien hitzetan nabari da ilusioa egiten diela lehenengoz oholtza partekatzeak. "Ane ondoan izatea oso berezia izango da, eta uste dut horrek lasaitasuna emango didala urduritasun guztiaren barruan. Erreferentea izateaz gain, irakasle eta laguna ere neurri batean izan delako", azaldu du Rekondok.

Ikasle ohiaz gain, Anek, gainera, ahizpa ere izango du ondoan; nahiz eta bestelako rol batean ariko den. Herrian eta herritik kanpo behin baino gehiagotan egokitu izan zaie batak gaia proposatu eta besteak kantuan egin behar izatea. Edonola, Maddik argi du. "Biok badakigu taula gainean zein den daukagun rola. Nik gaia jartzen badiot berari, ahizpa izan edo ez, ahal duena egingo du eta erantzun".

Egun gutxi falta dira saiorako eta gutxi gorabehera erabakita du zein gai eta neurri proposatuko dituen. Bi lanak ondo ezagutzen ditu eta bakoitzaren "ikuskera eta planteamendua" erabat bestelakoa dela dio, baita mikro aurrean jarri arteko bidea ere,  gai jartzaileak aurretikako lana egin behar baitu. "Egitura prestatu behar duzu bai zer bertsolari diren kontuan hartuta bai zein publikori zuzendua dagoen bai non izango den. Ideiak biltzen joan behar duzu, herrian gertatutako gauzak edo gai bezala har daitezkeenak bilatzen". Udako saioak eta festa garaietakoak arinagoak izan ohi dira, ez du gairik aurreratu, baina ohartarazi duenez, herrian garrantzia izan duen zerbait gertatu bada "toki ona izan daiteke bozgorailu bezala erabiltzeko, nahiz eta ez izan gai alai bat, jendeari disparatzeko".

Rekondok eta Maddi Labakak pare bat aldiz kointziditu dute bertso kontuetan. Oraingoan, ordea, hiruek lehenengoz bat egingo dute taula gainean. Horren balioa nabarmendu du Rekondok. "Herrian bertso munduan gabiltzan hiru pertsona gara gaur egun, hiruak emakumeak, hiruak gazteak, eta hori ere aipatzekoa da. Oso polita izango da".

Plazari eustea, ezinbesteko

Aurten jairik ez bada ere, udalak egunotarako prestatutako eskaintzan tokia egin die bertsoei, iazko hutsunearen ondoren. "Pena handia izan zen. Erdi antolatuta zegoen eta azken unean bertan behera utzi zuten. Bertso eskolarentzat pixka bat amorragarria izan zen, inguruko herrietan egin zirelako", gogoratu du Ane Labakak, "aurten ez zegoen aitzakiarik". Pandemiak bete-betean eragin dio bertsolaritzari, plaza kopurua asko murriztu da, beraz, funtsezkotzat jo dute saioa egitea bera. Rekondoren esanetan, "bertsolaritza gero eta indartsuago dago, baina, hala ere, komeni da indartzea eta sustatzea; are gehiago, Lasarte bezalako herri batean. Oso garrantzitsua da lekua hartzea".

Ildo beretik, hiruek kultura segurua dela aldarrikatu dute, neurriak eta tarteak errespetatuta gauzak egin daitezkeela. Bi urte itxaron behar izan duten bertsozaleei eta herritarrei gonbita luzatu die Rekondok. "Oso aukera polita da, arnasgune bat bizi dugun egoera honetan, beraz, anima daitezela etortzera eta gozatzera". Ane Labaka berarekin bat dator. "Kultur ekitaldiak jendea elkartzeko modu bat bilakatu dira. Egin daiteken gauza kolektiboenetako bat da bertso saio batera joatea eta aspaldi ikusi ez dituzun horien aurpegiak ikustea. Herri sentsazio hori berreskuratzea". Elkarrekin egon, ondo pasa, dibertitu eta "festa polit bat" egiteko aukera izateaz gain, aldi berean, kulturgileak babesteko keinu bat ere badela dio.