Ia hiru orduko barre saioa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 26a, 22:41

Nerea Garmendia eta Santi Rodriguez aktoreak igo dira gaur Manuel Lekuona kultur etxeko agertokira. Bakarrizketa bana egin dute ia hiru ordu iraun dituen saioan. 

Garmendia izan da lehena. Urtearen zazpigarren hilabetearen atarian "Urte berri on!" batekin hasi du bere ordubeteko bakarrizketa, zenbait gauzari uko egiteko prest ez baitago. Askari txiki bat egin, eta urre koloreko jaka kenduta, soinean zeramatzan zortzi kamisetek egituratu dute kontakizuna. Haiek eranzten joan da kontatzeko zituenetan aurrera egin ahala.

Maitasun kontuak izan ditu abiapuntu: pandemia hasi baino bost egun lehenagotik bikotekiderik ez du eta ligatzeko ahaleginean izandako gorabeherak azaldu ditu, emakume euskaldunen topikoetatik eta pandemiak eragindako zailtasunetatik tiraka, nagusiki. Olentzero eta Aita Noel alderatu ditu, dituen zenbait gaixotasunen berri eman du, eta bizitzea egokitu zaizkion zorigaitzetatik ere irribarrea gutxienez ateratzeko gai dela ere erakutsi du.  Azkena, duela hiru aste eskas izandako motor istripua, izterreko zauriak hori behintzat egiazkoa zela baieztatu du.

Motorrean beharrean hegazkinean heldu da Santi Rodriguez kultur etxera. Munduan barrena egindako bidaia izan du bere bakarrizketaren ardatza. Herrialde batetik bestera pasaportea erakusteaz nekatuta, soinean zeraman kamiseta egiteko burutaziotik hasi du bidea. Portugal eta Kanada izan ditu bere lehen geltokiak; leku batetik bestera jauzi eginez, eta beste gauza asko ere hizpide hartuta, barrez betetako ia bi orduko ikuskizuna osatu du.